Zesta-puntaren etorkizuna jokoan, frontoia betetzeko deia egin dute
Pilotariak, elkarteak eta Euskadiko Pilota Federazioak zesta-puntaren egoera eta diru publikoaren erabilera okerra salatuko dituzte etzi, Markina-XemeinenPilotariak, pilota eskolak, iparralde eta hegoaldeko pilota ordezkariak, jokalarien gurasoak eta E...
Pilotariak, elkarteak eta Euskadiko Pilota Federazioak zesta-puntaren egoera eta diru publikoaren erabilera okerra salatuko dituzte etzi, Markina-Xemeinen
Pilotariak, pilota eskolak, iparralde eta hegoaldeko pilota ordezkariak, jokalarien gurasoak eta Euskal Pilota Federazioko arduradunak elkartu eta agerraldia egingo dute etzi, Markina-Xemeingo Uni frontoian, zesta-puntaren egoera larria eta diru publikoaren erabilera okerra agerian uzteko. 11:30ean jarri dute hitzordua, eta frontoia bete nahi dute egoera aldatzea eskatzeko.Ia bi urte betetzera doaz zesta-puntagaz erlazio zuzena duten agenteek Gernika-Lumon zesta-puntaren egoeraren inguruan hausnartzeko foro bat antolatu zutenetik. Bertan, zesta-punta elkarte, federazio, pilotari profesional zein afizionatuak hartu zuten parte, tartean Markina-Xemein eta Mutrikuko zesta-punta eskoletako ordezkariek. Foro hartan bi ondorio garbi atera zituzten: zesta-punta indartu eta dagokion lekuan ipiniko zuen proiektu estrategiko baten beharra, elkarteen gehiengoaren adostasunagaz eta proiektu horren lidergoa Euskadiko Pilota Federazioak eramatea.
Bi urte hauetan, zesta-punta elkarteek federazioarekin elkarlanean jarraitu dute, eta hainbat ekimen egin dituzte, hala nola, aurreko udan antolatutako zirkuitu profesionala. Zesta-punta elkarteen gehiengoak hartzen dute parte lantaldean, Iparralde zein Hegolde bat eginda daude. «Zesta-punta maite dugulako eta, gure ustez, azken aukera delako», nabarmendu dute. Pilotari afizionatuak ere bat datoz proiektuagaz, bai eta profesional ugari ere. «Eta bilerek ez dute etenik izan. Lanean jarraitu dugu, Munduko Pilota Batzarrarekin topo egin arte», azaldu dute.
Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendari Jon Redondori proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkioten, euren asmoen berri emanez. «Munduko Pilota Batzarrak diru publikoa zelan kudeatzen zuen eta duen argi utzi zitzaion, interes partikularrak agerikoak zirela eta ez duela zesta-puntaren alde egiten». Baina, azkenean, Euskadiko Federazioari, Munduko Pilota Batzarreko bileretara sartzea ere ukatu zitzaiola jakitera eman dute, «berau izanda entearen sortzailea». Euskadiko Pilota Federazioak epaitegietara eraman du gaia.
Tarteko irtenbide bat bilatu nahian, beste hainbat bilera ere egin dituzte Gernika Jai Alai Events enpresaren, Munduko Pilota Batzarraren eta Euskadiko Federazioaren artean. Horrek ere kale egin zuen, han planteatutako irtenbidea ez bait zen egokia zesta-punta elkarteen iritziz. «Urteetan zesta-puntari kalte besterik ez dioten pertsonak bertan jarraitzea ondorioztatzen zuen akordioak, gure printzipioei uko egitea, eta ez gaude horretarako prest», esan dute. Zestapuntak irtenbide garbi eta zuzen bat behar duela diote. «Zesta-punta ez dago salgai».
Protestak
Ezusteko ikaragarria izan dute azken asteetan ere. «Munduko Pilota Batzarrak eta Gernika Jai Alai Events enpresak akordioa sinatu dute, berriro ere, guztiona den diru publikoa beraien mesedetan bideratuz». Eta erabaki horrek ondorioak izan ditu. Izan ere, Munduko Pilota Batzarrak antolatzen duen PRO AM txapelketako lehen jardunak ez dira jokatu pilotari afizionatuek jokatzeari uko egin diotelako.
Astelehenean, Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia egin zuten Euskadiko Pilota Federazioako lehendakari Patxi Jauregik, federazioko abokatuak eta Mutriku eta Markina Xemeingo eskoletako ordezkari Jon Mendizabal Goixerri-k eta Josu Mugartegi Atain-ek. «Asmoa zesta- puntaren egoera larria eta diru publikoaren erabilera okerra agerian uztea da, eta alderdi politikoak diru publikoaren erabileraren jakitun izan daitezela», esan dute.
Hurrengo ekitaldia zapatuan izango da. Iparralde eta Hegoalderen artean partida bi jokatu eta arazoa kaleratuko dute. «Horretarako guztion laguntza behar dugu, guztion ardura bait da zesta-puntaren egoera aldatzea».
Munduko Pilota Batzarreko kideen dimisioa eskatzea dute asmoa. «Zesta-puntari kaltea besterik ekarri ez dioten pertsonak kanpoan nahi ditugu».