Kerman Lejarraga
20:30ean hasiko da boxeo ikuskizuna, eta boxeo profesionaleko hiru borrokaldi eta olinpikoko bost borrokaldi lehiatuko dituzte.
Kerman Lejarraga Morgako boxealari profesionala egongo da Jai Alain. Horrela, aspalditik zuen ametsa beteko du, etxetik hurbil borrokatzea. Marius Jacheanu errumaniarraren kontra ariko da nor baino nor gehiago.
Morgako errebolberra bezala da ezaguna boxeo munduan, eta duela bi urte debutatu zuen profesionaletan. Bere ibilbide profesional laburrean, zortzi borrokalditik zortzirak irabazi ditu, horietatik sei K.O-z. Iazko irailean Santanderren (Espainia) borroka batean eskuineko eskuko metakarpianoak apurtu, eta operatu egin zuten. Ordutik ez da borrokatu, baina, entrenatzen jarraitu du.
Halaber, boxeo olinpikoaren modalitatean Wesley de Jesus bermeotarra ariko da, Asier Martin bilbotarraren kontra. Bestalde, beste bi bizkaitar ere Jai Alai pilotalekuan egongo dira: Diego Valtierra eta Ibon Larrinaga. Gaur egungo Euskadiko txapelduna den Henry Siles ere igoko da Jai Alai pilotalekuko ring-era.