Baserritarren eguna ospatzeko batuko dira Ereñon eta Foruan
Barikuan San Isidro eguna, baserritarren eguna izango da, eta bihar eta zapatuan ospakizun bereziak egingo dituzte Foruan eta Ereñon.Foruarrak San Martin elizan elkartuko dira bihar, 12:30ean, meza entzuteko. Ostean, hamaiketakoa jango dute bertaratz...
Foruarrak San Martin elizan elkartuko dira bihar, 12:30ean, meza entzuteko. Ostean, hamaiketakoa jango dute bertaratzen diren guztiek.
Etzi, ostera, Ereñon egingo dute Baserritarren eguna. Goizean hasi, eta egun guztian, jai giroan batuko dira ereñarrak.
11:00etan zabalduko dituzte erakusmahaiak, bertako produktu onenekin. Herriko eta inguruetako baserritarrek eta artisauek askotariko eskaintza eramango dute.
Egun guztian, gainera, musikaz alaituta egongo dira inguruak, Argi eta Iker trikitilarien doinuak lagun direla. Eta musika ez ezik, jateko ona ere ezin da falta baserritarren egun handian; esate baterako, herriko andreek taloa eta txorizoa prestatuko dute.
Txakolin dastaketa
Beste alde batetik, abereen erakusketa ere egongo da; bertako eta inguruetako abeltzainek abelbururik onenak erakusgai ipiniko dituzte. Gainera, bitxikeria moduan, Portuk ardiei ilea zelan mozten dien ikusteko aukera egongo da. 12:00ak aldera, berriz, txakolin dastaketa egingo dute inguruko txakolindegien eskutik. Gura dutenek Arratzuko Mintzisko, Gautegiz-Arteagako Kerixene eta Egala eta Kortezubiko Omabeiti upategien txakolinak probatuko dituzte.
Halaber, Kabelinatxe dantza taldearen emanaldia eta Piratak herri kirol taldearen erakustaldia egingo dituzte.