Iparraldeko Haizeak gogor astinduko du Lekeitio
Hamabost urte betetzen ditu aurten Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatzen duen jaiak. Iparraldeak presentzia handia izango duen egitarau oparoa prestatu duteIparraldeko Haizeak hamabost urte beteko ditu aurten, eta indar handiagaz ospatu nahi dute ...
Hamabost urte betetzen ditu aurten Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatzen duen jaiak. Iparraldeak presentzia handia izango duen egitarau oparoa prestatu dute
Iparraldeko Haizeak hamabost urte beteko ditu aurten, eta indar handiagaz ospatu nahi dute lekeitiarrek. Ekitaldi xume moduan hasi zen jaiak indar handia lortu du urtez urte, eta hiru egunetako egitarau oparoa prestatu du oraingoan ere, Aittitta Txiki kultur taldeak.Seguran egiten den Iparra-Hegoa izan zen Lekeitioko jaiaren oinarria. «Buruan ditugun muga psikologikoak apurtu eta herri bat garela aldarrikatzea da helburua, eta, bide batez, Iparraldeko edertasunak Lekeition erakustea», diote jaiaren bultzatzaile Aittitta Txiki kultur elkarte- koek. Horrela, aurten, iparraldeak oraindik parte hartze handiagoa izango duela nabarmendu dute.
Sormena lantzen
Barikua, betiko modura, umeei zuzenduta dago batez ere, eta sormena landuko dute eurekin. Gonzalo Etxeberria iparraldeko margolaria gonbidatu dute jaira, eta beragaz batera, Lekeitio irudikatuko dute umeek Barandiaran aretoan.
Etxebarriaren lana zuzenean ikusteko aukera ere egongo da arratsaldean. Etxebarriak margotzen duen bitartean, Pantxix Bidarten zuzeneko musika egongo da Nautika aurrean.
Hitzordu garrantzitsua izaten da urtero, gaueko bertso saioa. Bertsolari handiak batuko dira aurten ere Ikusgarri aretoan: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Jon Maia, Iker Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Xabat Galletebeitia, eta Aissa Intxausti eta Aitor Ruiz herriko bertsolari gazteak.
Azokaren inguruan
Azokaren inguruan izango dira zapatuko ekimenak. Guztira, 30 postu egongo dira azokan, euretatik 11 iparraldekoak.
Goizerako ekintza berri bat antolatu dute, Karrikart. Xabier Celestino marrazkilariagaz, marrazki ibilaldia egingo dute herrian zehar nahi duten guztiek. Euskal dantza ikastaroa ere egongo da Mixel Etxekopareren gidaritzapean eta Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeek dantzaldiak eskainiko dituzte plazan.
Hegoaldeko baten esperientzia iparraldean, eta iparraldeko bat zelan sentitzen den bere hegoaldeagaz kontatuko dute bestalde, Asisko Urmeneta eta Peio Etxekoparek Beste aldekoak ikuskizunean. Ordu eta erdiko umore saio fina izango dela aurreratu dute Aittitta Txikikoek.
Kuadrilla-tabernen arteko gisatu txapelketa izango da domekako egitarauaren muina. 17 kazola daude izena emanda, hala ere, izena emateko epea zabalik dago, oraindik, kultur etxean.
Gisatu txapelketako sari banaketa 18:00etan izango da, eta Klik elektrotxarangak eta Aittitta Makurrak alaituko dute eguna. Iparraldeko Haizeen gurdia Aittitta Txikik tiratzen badu ere, herriko talde asko dituzte atzetik bultzaka. Zaletxuak, Aittitta Makurra, Lekeitioko eskola eta ikastola, udala, Eusko Label, Eke icb iparraldeko euskal kultur erakundea eta Hebentik aitatu dituzte, besteak beste.