Kanpora joan barik inguruan beharrizana dagoela iritzita, Eleizalde Ikastolako kooperazio proiektuan parte hartzen duten ikasleek, aurten bildutako guztia herriko elkarteari ematea erabaki dute
Eleizalde Ikastolako ikasleak Kate Sareraren biltegian
Azken urteetan Tailandiako, Ekuadorreko eta Boliviako zenbait proiektugaz kooperatu ondoren, aurton, Gazte Ekintzaile Solidarioak (GES) kooperazio proiektuan parte hartzen duten Eleizalde Ikastolako DBH 4. mailako ikasleek, Bermeoko elkarte batekin elkarlanean aritzea erabaki dute: Kate Sarearekin.
Ikasleek azaldutakoaren arabera, «konturatu gara gure inguruan ere beharrizana badagoela, horregatik erabaki genuen bertoko elkarte batekin harremanetan jartzea». Kate Sareak herritarrei ematen dien laguntzaren berri izan ostean, horiei laguntzea erabaki zuten.
Zuk eta nik, zeresana dogu. Etorkizuna gara! leloa jarri diote kanpainari. Gazteek duten «laguntzeko gogoa» agerian geratzen dela dio Kate Sareako presidente Mirenlur Santiagok, eta «oso pozik» agertu da horiek hartutako erabakiarekin.
Proiektua burutzeko ikasleek hainbat gauza egin dituzte: pultserak, giltzakiak, poltsak, Athleticeko lehoiak…guztiak salgai dituzte. Era berean, futbol edota eskupilotako torneoak ere antolatu dituzte dirua lortzeko.
Jakiak batzeko kanpainak
Kate Sareak jakiak batzeko hainbat kanpaina egiten ditu urtean zehar. Modu horretan, ikasleek ere, kanpainak abiaraztea pentsatu dute horiei laguntzeko. Izan ere, elkarteak behar duena jakiak dira. Proiektutik ateratako dirua ere jakiak erosteko erabiliko dutela azaldu dute, elkarteak ez baitu dirurik hartzen.
Kate Sareak egiten duen lana ezagutzeko, asteon biltegiak bisitatu dituzte eta boluntarioek egiten duten lanaren berri izan dute ikasleek. Uste zutena baino «txikiagoa» iruditu zaie ikasleei biltegia, eta «beteta» egongo zela uste zuten. Dagoen beharrizana ezagututa, «gustorago» ematen dute laguntza.