
Oskar Uribarri zerrendaburua asteburuko agerraldian
«Herritik eta herriarentzat sortutako» mugimendu modura aurkezten da Izartu, «gainontzeko alderdi eta sigletatik kanpo» daudela gaineratuta. Oskar Uribarri bermeotarra dute zerrendaburu, eta herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko helburuagaz antolatu direla dio. Izarturen ustez, udal proiektuak «herritar guztien artean» eraiki behar dira, horregatik, erabakitzeko garaian parte hartze aktiboa bultzatuko du plataforma berriak. Gai garrantzitsuetarako kontsulta lotesleen edota erreferendumen aldekoak dira.
Udala da horien arabera, Bermeo berri bat eraikitzeko tresna. Hori dela eta, gardentasuna ezinbestekotzat jotzen dute. Diotenez, kontu ikuskatze independente bat egitea beharrezkoa da «benetako emaitzak ezagutzeko». Hala, udalaren kontrol «zuzena eta etengabea» lortu ahalko litzateke. Era berean, udala «interes politiko eta ekonomiko guztien gainetik egotea beharrezkoa» dela diote, «guztien eskura egon beharko luke».
Erakunde sozialekin koordinatuta, pertsonen oinarrizko beharrizanak bermatzea beharrezkoa dela dio Izartuk. Gainera, etxe kaleratzeak ekiditeko, udalak banketxeen eta kaltetuen arteko konponbidean lagundu beharko lukeela azaltzen dute, eta beharrezko kasuetarako larrialdietarako etxebizitzak edukitzea ondo legokeela uste dute.
Etxebizitza berriak eraiki beharrean, etxebizitza hutsei lehentasuna emateko prest agertzen dira, «%18 baitira hutsik daudenak».
Turismo jasangarria eta arduratsua bultzatzen dute eta Sollubeko tunelen proiektua berreskuratzeko lan egingo lukete, «herriko isolamenduagaz amaitzeko».
Euskara sustatuko du Izartuk, hala ere, «inongo diskriminaziorik barik, era positibo eta bateratzailean».
Kaleko jendeak lekukoa berreskuratu behar duela eta, Bermeo berri baten alde lan egin gura duten horien guztien botoa eskatzen dute.