Politika egiteko aukera “berriak” zabaldu gura ditu Mundakako EH Bilduk, eta horretarako, udala goitik behera aldatuko duen jantzi berria josi nahi dute.
Mundakako herritarren garaia dela aldarrikatzen du, eta “behetik gora” eraiki gura du Mundaka “berria”. Horretarako, besteak beste, ildo hauek zehaztu dituzte Mundakako udal hauteskundeetarako hautagaiek: guztiontzako aukera berdintasuna, herritarren parte hartzea, zerbitzu publikoak berreskuratzea eta transparentzia politikoa.
Hala, egitasmoa zehatzak proposatzen ditu Mundakako EH Bilduk. Udal batzordearen berrantolaketa egingo du, lan arloko batzordea sortu, eta hirigintza plana eta etxe bizitzen polika berrikusiko ditu.
Udalaren lokal guztiak mundakar guztien eskura ipini gura ditu, eta jai batzorde herrikoia osatu. Halaber, euskara bultzatzeko aktibitateak sustatzea da koalizioaren asmoa.
Kirol arloari dagokionez, kirol batzordea eta kirol gune berriak sortuko ditu, eta herritarrentzat kirola doakoa izatea gura du.
Gazteentzako espazio autogestionatuak aldarrikatzen ditu, eta nagusientzat lokala sortuko dute, eta umeentzat leku aproposak egokitu. Bestalde, emakumeen indarkeriari aurre egiteko protokoloa onartu gura du.
Era berean, besteak beste, honako proposamenak ere bildu ditu udal programan: euri urak bideratzeko azpiegitura sortzea, aparkatzeko arazoari aurre egitea edota bertako nekazaritza bultzatzeko toki egokia ipintzea.