Lekeitiok aldaketa behar duela aldarrikatu du Koldo Goitia EAJren alkategaiak
Hauteskunde kanpainari hasiera emanez, mitina eman zuten domekan, udaletxe aurrean, Lekeitioko EAJren hautegaiak eta Unai Rementeria ahaldun nagusirako EAJren hautagaiakAzken lau urtetan «udal gobernuan egon den talde politikoaren gaitasun falta, kude...
Hauteskunde kanpainari hasiera emanez, mitina eman zuten domekan, udaletxe aurrean, Lekeitioko EAJren hautegaiak eta Unai Rementeria ahaldun nagusirako EAJren hautagaiak
Azken lau urtetan «udal gobernuan egon den talde politikoaren gaitasun falta, kudeaketa falta, inbertsio falta eta garbitasun falta» agerian gelditu direla esan zuen Koldo Goitia Lekeitioko EAJren alkategaiak, domekan, udaletxe aurrean egindako agerraldian. «Denok ikusi dugu herria zelan dagoen, utzita, loiago, mantenimendu barik, herrirako proposamen barik, herritarren beharrizanari erantzuteko gaitasun barik, ganorazko ezer egin barik», gaitzetsi zuen. Jeltzalearen esanetan, «argi geratu da Lekeitiogaz eta lekeitiarrekin daukaten konpromisoa hutsaren parekoa dela», eta, beraz, herriak aldaketa behar du, «ezin bait da beste lau urtean ilunpetan egon».EAJ da, EAJren alkategaiaren esanetan, aldaketa dakarren alderdia: «Talde berri bat dakar. Freskotasuna, hurbiltasuna eta esperientzia dakar. Pertsona formatu eta apalez osatutako taldea dakar. Lekeitio berri bat egiteko ideia berriak ditugun pertsonak gara. Eta, batez ere, itzelezko ilusioa dugun pertsonak gara».
Era berean, herritarren lehentasunak argi eta garbi zehazten dituen programa aurkeztu dutela nabarmendu zuen. «Herriaren beharrizanei lotuta eta parte hartzetik sortutako programa». Goitiak zehaztu zuenez, 200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute bertan, eta 150 proposamen baino gehiago jaso dituzte. «Lekeitiorentzat etapa berri baten hasiera da, lekeitiarren arazoak eta kezkak benetan konpontzeko sortua delako».
Goitiak esan duenez, Lekeitioko lehentasuna ekonomia berpiztea dela, merkataritza, turismoa eta itsasoari lotutako jarduerak bultzatuz; baina bai eta gizarte babeserako eta egoera txarrenean daudenentzako tresnak hobetzea, hezkuntza eta kirol ekipamenduak hobetzea edo San Andres eta San Juan auzoak konpontzea ere.
Ekintzak ala esperimentuak
Unai Rementeria ahaldun nagusirako EAJren hautagaiagaz lagunduta egon zen mitinean Leketioko alkatetzarako hautagaia. Bizkaiko ahaldungaiak EAJren «ideiekin, proiektuekin eta ilusioagaz jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enpleguaren sorkuntza bultzatzeko» egunero egiten duen lana azpimarratu zuen. Emaitzek izen-abizenak dituzte, esan zuen Bizkaiko ahaldungaiak: «Hauxe da hauteskunde hauetan erabakitzen duguna. EAJren lana eta emaitzak, edo besteen esperimentuak».