Ia 700 lagun mendi jaian, oinez, korrika zein bizikletan
Martxa luzea, martxa laburra, BTT martxa eta Urdaibai Kopako laugarren proba puntuagarria batu ditu aurten Mendi Jaiak. Korrikalarien artean, Ibon San Miguel lekeitiarra eta Zuriñe Frutos nagusitu ziren.Ia 700 parte hartzaile batu ditu aurten Arrolape...
Martxa luzea, martxa laburra, BTT martxa eta Urdaibai Kopako laugarren proba puntuagarria batu ditu aurten Mendi Jaiak. Korrikalarien artean, Ibon San Miguel lekeitiarra eta Zuriñe Frutos nagusitu ziren.
Ia 700 parte hartzaile batu ditu aurten Arrolape Mendi Taldeak Gernika-Lumoko III. Mendi Jaian: 685, hain zuzen ere. Eguraldia lagun, martxa luzean 235 mendizale batu ziren, lasterketan 142 korrikalari, BTT martxan 110 parte hartzaile egon ziren, eta martxa laburrean 198. Campos Urdaibai Kopako laugarren proba puntuagarria izan da Gernika-Lumon domekan jokatu dena. Guztira 25 kilometro egin dituzte mendian, gutxi gorabehera 1.300 metroko desnibel positiboagaz eta beste 1.300 metroko desnibel negatiboagaz. Proba horretan azkarrenak Ibon San Miguel lekeitiarra (1.57.22) eta Zuriñe Frutos (2.25.23) izan dira.Arrolapekoen artean, Aritz Martin izan zen helmugara heltzen lehena, eta podiuma ere egin zuen Gernika-Lumoko proban. Hain zuzen, hirugarren egin zuen Martinek sailkapen orokorrean, 2.06.39ko denbora eginez.
Nesken kategorian laugarren egin zuen Arrolapeko Leire Monasteriok (2.46.35). Sailkapen orokorrean, aldiz, 65. postuan sartu zen.
Boluntarioen lana
Goizean goiz abiatu ziren lehenak martxa luzekoak Pasealekuan jarritako irteera puntutik. Ostean atera ziren BTT martxakoak, mendi lasterketakoak eta martxa laburra egin zutenak.
Zeinek bere ibilbidea egin zuen, eta emaitzagaz pozik daude antolatzaileak. Haien esanetan, gainera, aipatzekoa da boluntarioek aurten ere egin duten lana. 60 lagutzaile eduki dituzte, eta, diotenez, horiei esker izan da III. Mendi Jaia ere arrakastatsua.