Idurre Bideguren eta bere lan taldea domekako agerraldian
Lameran, hainbat herritarren aurrean egin zuen kanpainako lehenengo agerraldia Bermeoko alkatetzarako EH Bilduren hautagai Idurre Bidegurenek. Hurrengo lau urteetara begira duten apustu “argienetakoa” Bermeo soziekonomikoki indartzea dela esan du Bidegurenek. Horren baitan,
Bermeo hegaluzearen hiriburu bihurtzeko proiektu estrategikoa bultzatu nahi du EH Bilduk, “herriaren garapenerako oso garrantzitsua dela uste delako”. Horien arabera, batetik, arrantza sektore guztia indartu eta herritar guztien parte-hartzea bilatzen duelako proiektu horrek, eta bestetik lanpostuak sortuko duelako. EH Bilduren apustua “identitate ikurrak” indartzea izango da eta arrantza mundua da horien ustez oinarria: “sozialki, ekonomikoki eta kulturalki ere eragin handia izan duelako”.
Hegaluzearen hiriburu bihurtzeko proiektuaz gain, Lurbizi proiektua aipatu du Bidegurenek. Proiektu hori martxan da jada eta zortzi lanpostu sortu ditu. Bestalde, Alde Zaharra izango da apustu “garrantzitsuenetarikoa” aurrera begira. Bidegurenek jakinarazi duenez, Alde Zaharrean dauden lokal hutsen azterketa bat egiten hasiak dira. Era berean, hutsik dauden orubeetan egin ahal diren ideien lehiaketa deituko dutela adierazi dute. Oinezkoentzako Alde Zahar “errespetagarri” baten aldeko apustua ere egin behar dela uste du egungo alkateak.
Fracking-ari ez
Euskararen erabileraz ere mintzatu da Bideguren, eta askok Bermeo euskararen arnasgunetzat jotzen dutela dio. Hala, bide horretan jarraitu gura dutela esan du eta azken lau urteetan egin modura, “ahalegin berezia” egingo dutela zehaztu du.
Bermeo paraje ezin hobean dagoela eta, “ingurumena hondatuko duten ekimenen aurrean tinko mantendu eta horien aurka agertuko dira”. Ildo horretan, Fracking-a aipatu du egungo alkateak, eta teknika horren aurkako jarrera agertu du, “debekatu” egin beharko litzatekeela azalduta.
Herriko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko beharra dagoela ere esan du, bizi kalitatea hobetu aldera. Hurrengo lau urteetara begira, Zarragoitxiko irisgarritasuna hobetzeko irtenbideak bilatuko dituztela esan du, eta horretan, “buru-belarri” jarriko direla gaineratuta.
Proiektu horiek guztiak aurrera egin ahal izateko, baina, kudeaketa berritzaileagoaren beharra dagoela nabarmendu du, eta orain arte egin modura, talde lana bultzatzen jarraituko dutela esan du.
“Gardentasuna eta zintzotasuna”
Egungo Bermeoko alkatearekin batera izan ziren, Josu Unanue Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaia eta Pello Urizar eta Maribi Ugarteburu. Azken lau urteetan Bermeon alkateorde izan den Unanueren arabera, EH Bilduk Bermeon erakutsi duen marka Bizkaiko Batzar Nagusietara eta Aldundira eramango du. “Gardentasuna” eta “zintzotasuna” dira EH Bilduren ikurrak, eta Unanuerentzat horiek baitira “herrigintzaren derrigorrezko oinarriak”.
Pello Urizar, Josu Unanue eta Maribi Ugarteburu Bermeoko ekitaldian
Foru Aldundirako garatu duten programak lau ardatz ditu. Lehenengoa, krisiaren aurrean erantzun beharra: “inor ezin daiteke egon baztertuta”. Hezkuntza, osasungintza eta laguntza sozialak ez dira “luxua” bermeotarraren ustez, “horiek ez dira gastuak, baizik eta inbertsioak. Pertsonetan inbertitu beharra dago, horiek baitira gure oinarri sendoenak”.
Bigarrenez, “eredu sozioproduktiboa” aldatu beharra ikusten dute. Garapena bertoko enpresekaz egitea beharrezkoa dela uste du Unanuek. Era berean, eskualde bakoitzak bere garapen propioa behar duela azaldu du.
Hirugarren ardatza iruzur fiskala litzateke. Ez dute “inondik inora” iruzur fiskalik onartuko. Orain artekoek “normaltzat” jo dute iruzur fiskala, EH Bilduk, berriz, ez du onartuko.
Azkenik, burujabetza aipatu du, “etorkizuna guk geuk lantzeko”. Kaleko jendea direla eta, kaletik lan egiten dutela dio:”jendeari entzun egin behar zaio”. Herritarren partaidetza “ezinbestekotzat” jotzen du.
Bestalde, EAJren kudeaketa “herritarren interesen kontrakoa” izan dela eta Bizkaiko Aldundia enpresa jakin batzuen interesen mesedetara aritu dela gaineratu du. Aldundiak 2.200 milioi euroko zorra duela azaldu du, “35 urterako hipoteka utzi dute, onura sozial gabeko azpiegitura handien zuloak tapatzeko, BEC edo Supersur, esaterako”.
Auzokideekaz elkarrizketak
Bermeoko EH Bilduk
auzokideekaz elkarrizketak kanpaina abiarazi du auzo bakoitzeko herritarren beharrizanak batzeko batetik, eta euren programa azaltzeko, bestetik. Barikuan, Talan izan ziren. Gaur, berriz, 19:00etan San Andresen izango dira. Bihar [maiatzak 13], 19:00etan, Zarragoitxiko bizilagunekaz batuko dira eta maiatzaren 22an, ordu berean, Alde Zaharreko bizilagunekaz.