
Kabelinatxe dantza taldea
San Isidro egunaren biharamunean elkartuko dira ereñarrak baserritarren eguna jai giroan pasatzeko. Goizean hasi, eta egun guztian zehar ekitaldi ugari egingo dituzte.
11:00etatik aurrera herriko produktuen erakusketa ipiniko dute. Erakusmahaiak herriko eta inguruko baserritarren eta artisauen produktuez beteko dituzte, eta abereen erakusketa ere egongo da.
Halaber, herriko andrak taloa eta txorizoa prestatzen ibiliko dira herritarren gozamenerako, eta egunean zehar Argi eta Iker trikitilariek girotuko dute herrigunea.
12:00etan txakolin dastaketarekin hasiko dira, Gautegiz-Arteagako Kerixene eta Egala, Arratzuko Mintzisko eta Kortezubiko Omabeiti upategien eskutik.
Bestalde, egunean zehar Kabelinatxe dantza taldearen saioa eta Piratak herri kirol taldearen erakustaldia izango dira. Eta, bertaratzen direnek, bitxikeri moduan, Portuk ardiei ilea zelan mozten dien ikusiko dute.