3. mailara igo da Aurrera
Denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Ohorezko mailako txapeldunak dira ondarrutarrak. Eladino Gonzalez presidenteak bazkideei eskaini die igoeraOñatin 0-2 irabazi ostean, matematikoki 3. mailako taldea da Aurrera. Ondarrutarrek ondo baino ho...
Denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Ohorezko mailako txapeldunak dira ondarrutarrak. Eladino Gonzalez presidenteak bazkideei eskaini die igoera
Oñatin 0-2 irabazi ostean, matematikoki 3. mailako taldea da Aurrera. Ondarrutarrek ondo baino hobeto lortu dute euren helburua. Denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Ohorezko mailako txapeldunak dira.Ondo irakurri zuten Xepe Gallastegiren mutilek partida. Lehenengo zatian gol aukeraren bat edo beste eduki zuten, oso garbiak batzuk. Penalti jaurtiketa bat ere huts egin zuten, eta azkenean, hutsean berdinduta joan ziren aldageletara.
Atsedenaldiaren ostean, minutu gutxitan etorri ziren garaipenaren gol biak. Lehen gola Unai Nuñezek sartu zuen, buruz, 68. minutuan, eta Aritz Solabarrietak handik bost minututara sartu zuen partidako azken tantoa.
Partida amaituta, Oñatira joandako zaleek eta taldeko kideek goi-goitik ospatu zuten igoera. Hantxe zeuden pozez gainezka, esate baterako, Eladino Gonzalez klubeko presidentea eta Xepe Gallastegi taldeko entrenatzailea ere, batera eta bestera, besarkadak eta zorionak banatzen.
Arantza, kenduta
Gonzalezen esanetan, domekako garaipena bazkideei eskani beharrekoa da. «Beti gugaz dauden guztientzat da. Aurrera bazkideena da, eta eurentzat da igoera», nabarmendu zuen presidenteak, malkoei ezin eutsita. Era berean, 3. mailara bueltatzeak «arantza bat» baino gehiago kendu duela aipatu zuen: «Pako eta Iñaki Aurrera jaitsi zenean klubean zeuden, behargin modura eta tekniko modura, eta eurek esaten zuten arantza bat zeukatela hor sartuta, eta atera dute. Guztiok atera dugu».
Hilaren 23an egingo dute ospakizun handia Zaldupen. «Txapeldunen kopa emango digute, Antxoa Eguna da… Egun polita izan daiteke, eta izan behar da. Herriko klubik zaharrena da Aurrera, harro sentitzeko elkartea, barruan sentitzen duguna. Hori ospatu egin behar da».
Taldeko entrenatzailea ere pozik zegoen lortutako emaitzagaz. Emozioak gaindituta egin zituen lehen adierazpenak, ahotsa erdi moztuta: «Izugarria izan da. Hamar urte daramatzat futbolean, eta hau benetako oparia da. Zuzendaritzagatik asko pozten naiz, izugarrizko lana egiten dute. Egia esanda, gauzak horrela egiten duen talde bat edukitzeak gauzak asko errazten ditu».
Igoera lehen aukeran lortu izanak daukan garrantzia ere azpimarratu zuen Gallastegik: «Bagenekien ahalko genuela. Hiru aukera genituen, eta ez dugu huts egin».
Herritarren txalo artean
Berria jakin orduko, bolandera hotsa handia izan zen Ondarroan. Herritarrek pozik hartu zuten berria. Taldea azkenekoz, 1986-1987 denboraldian igo zen hirugarren mailara, eta 2006an mailaz jaitsi ostean, igoeragaz amesten egon dira zaleak.
Taldea Ondarroara 20:30ean ailegatuko zela iragarrita egon zen, eta ordurako portuko sarrerako biribilgunea eta inguruak zalez beteta zeuden. Denek ere, taldeari ongietorri beroa eman nahi izan zioten Oñatitik bueltan.
Autobusa portu inguruetara heldu orduko, han batuta zegoen jende andanak txalo artean hartu zituen jokalariak eta talde teknikoa. Jokalariek banan-banan irten zuten autobusetik jarraitzaileen besarkada artean. Herritarrekin batera ospakizun xumea egin zuten.