
Tximino taldea
Joseba Altonaga (harmonika), Mikel Cueto (bateria), Josu Taraska (baxua), Jabi Ispizua (gitarra) eta Jose Mono (ahotsa eta gitarra) dira Tximino musika taldeko kideak; bermeotarrak guztiak. Aldaketak bizi izan badituzte ere, aurten taldeak hamar urte egingo ditu.
Zer da Tximino taldea bereizten duena?
Euskaraz abestutako rock-and-roll-a egiten dugula.
Abesti herrikoiei zuen kutsua jartzen hasi zineten.
Bai,
Keetan azken diskoan oraindik badago abesti herrikoiren bat; hala ere, horiek apurka-apurka alde batera uzten ari gara. Orain dela hamar urte hasi ginenean saiakera modura hasi ginen abesti herrikoiekin. Oso ondo eta polito joan zen sasoi hura.
Orain, baina, bazabiltzate zuen letrekin, ezta?
Bai, gure kantak sortzen eta musika konpontzen hasi gara. Guretzako letrak ere egiten dituzte.
Keetan diskoan, esaterako, Jon Harriren eta Edorta Jimenezen zenbait olerkiri musika jarri diegu. Guretzat eta guk eskatuta egindako olerkiak dira. Hala ere, Mikel eta Josu hasi dira abestiak idazten. Horietako bat prest daukagu jada, musika ere jarrita. Beraz, osotasunean gureak izango diren abestiak bilduko ditu hurrengo diskoak.
Zer adierazten dute zuen abestietako letrek?
Denetarikoa. Bermeon gertatzen diren gauzak, bizitzari buruzkoak… Esperientzia arruntak kontatzen dituzte. Abesti bakoitzak mezu desberdin bat dauka.
Abestiei musika jartzeko zelan egiten duzue?
Denon artean sortzen dugu melodia, bakoitzak bere instrumentuak jarrita eta konponketak eginda. Batzuetan, letrak edukita, musika jartzen dugu, eta beste batzuetan, berriz, alderantziz egin izan dugu. Esaterako, Edorta Jimenezen eta Jon Harriren olerkien kasuan, letrak eskuan edukita jarri genien musika. Hala ere, gure taldean ohikoagoa da lehenengo melodia egitea, eta ondoren, letra sartzea.
Zenbat disko daramatza Tximinok?
Hirugarrena da
Keetan. Edorta Jimenezen olerki baten izena darama diskoak.
Hurrengoan pentsatzen jarriak al zarete?
Bai, bagabiltza, gutxinaka. Zortzi edo bederatzi abesti berri landu gura ditugu. Lau abesti berri dauzkagu jadanik esku artean, eta horrek prestatzen gabiltza. Hala ere, ez dakigu noizko izango dugun prest.
Disko bat argitaratzea garestia al da?
Oso garestia da diskoa grabatzea, taldeak ez du alde horretatik ezer irabazten. Grabaketak egiteko, gainera, estudioa, inprenta, kopiak… behar izaten dira. Guk lehenengo diskoagaz egin genuen inbertsioa, eta bigarrenerako guztia gorde dugu. Azken horregaz ere gauza bera egin dugu, eta hala grabatu dugu Keetan. Oso ondo saltzen ari gara hirugarren disko hori, eta dena daukagu gordeta hurrengo lanerako. Taldearen kamisetak ere asko saldu dira, eta horiek ere gordeta ditugu.
Kontzertuei dagokienez, zelan zabiltzate?
Oso ondo. Bihar, Markina-Xemeinen egotekoak ere baginen, baina arazo pertsonalak tarteko, ezin izango dugu joan. Udara begira, inguruko herrietatik badauzkagu jadanik zenbait hitzordu. Mungian ere, elurteengatik atzeratu behar izan genuen kontzertu bat ere badaukagu aurreikusita.
Taldean aldaketak izan dira, eta moldatzen jakin behar izan dugu
Jendearen erantzuna zelakoa izaten da?
Ona, gustura egoten dira, eta pozik izaten dira gu ikusten. Ordu bat inguruko kontzertua eskaintzen dugu, eta jendea entretenituta egoten da. Gurea ez da estilo alderdikoia, rock-and-roll estiloa orokorragoa da, eta jende gehiagorengana iritsi gaitezke.
Euskal Herritik kanpora joateko asmoa ere baduzue.
Bai, lagun baten bitartez mugitzen ari gara, ea zerbait lortzerik daukagun. Egia esan, asko gustatuko litzaiguke; hala ere, dirua galtzeko ere ez gaude, eta kanpora joateak gastua dakar.
10 urte beteko ditu taldeak. Aldaketak egon al dira?
Asier Guzmano, Igor Markaida, Joseba Verdes eta Esti ere izan ditugu Tximinon. Hasierako Tximinotik Jose Mono eta Jabi Ispizua geratzen dira. Gu bostok, berriz, 2013ko urritik gaude elkarregaz.
Taldean izandako aldaketak musikan ere nabaritu al dira?
Bai, bakoitzak bere estiloa baitu. Joseba Altonaga taldera sartu arte, esate baterako, ez zegoen harmonikarik. Baina orain ez daukagu ez pianorik, ez saxofoirik ezta Estiren ahotsik ere. Hortaz, bai, aldaketak izan dira, eta moldatzen jakin behar izan dugu.
Aldaketak onerako ala txarrerako izan dira?
Taldeak onera egin duela uste dugu. Askok esan digute Keetan diskoa dela orain arte egin dugun lanik onena, eta abesti berriak bide beretik doaz.
Bide horretatik jarraitzeko asmoa duzue, hortaz.
Bai. Uste dugu norabide onean goazela. Gainera, denok ezagutzen dugu elkar, eta taldean daukagun giroa izugarria da. Onena ondo pasatzen dugula da. Astean behin batzen gara, eguenetan, eta gure momentua da hori, beste gauzak alde batera utzi eta gure musika egiteko unea.
Zelakoa da egungo egoera?
Nahikoa egoera zaila da, ez baitago dirurik. Tabernetatik ere, geroz eta gutxiago deitzen dute. Dena den, gu bagoaz aurrera gutxinaka. Musikatik bizitzea oso zaila da, guk zaletasunez egiten dugu.
Hamar urteetako balorazioa egin beharko bazenukete?
Sarritan jo dugu, eta jendeari gure lana gustatzen zaio. Beraz, balorazio ona egin eta aurrera jarraituko dugu.