'Obarixo biaz!' antzezlana «ilusioz» taularatuko dute bihar, Markina-Xemeinen
Ondarroako Tramana & Brix antzerki taldeko kideak Uhagon kulturgunean ariko dira. Eguneroko arazoak komedia formatuan aurkeztuko dituzte aktore amateur ondarrutarrekMutrikuko Txalaparta kafetegian eta Durangoko Plateruena kafe antzokian saioak eska...
Ondarroako Tramana & Brix antzerki taldeko kideak Uhagon kulturgunean ariko dira. Eguneroko arazoak komedia formatuan aurkeztuko dituzte aktore amateur ondarrutarrek
Mutrikuko Txalaparta kafetegian eta Durangoko Plateruena kafe antzokian saioak eskaini ostean, Ondarroako Tramana & Brix antzerki taldea Markina-Xemeinera ailegatuko da asteon Obarixo biaz! antzezlanagaz. Saioa bihar eskainiko dute, 20:00etan, Uhagon kulturgunean. Ana Elordi zuzendariak aurreratu duenez, «ilusio handia» daukate Uhagonen aritzeko.Antzezlana eratzen gogor lan egin zutela dio Elordik. Eta horregatik, saioak han eta hemen eskaintzeaz pozik daudela dio. «Lan handia hartu eta gero, guk orain zabaldu egin nahi dugu. Bestela, hain lan handia hartu eta saio bakarra eskaintzea pena da».
Azken bi asteetan bi leku guztiz ezberdinetan egon direla dio. «Mutrikun espazio txikian eskaini genuen, eta bertsio motza egin genuen; publikoa ere hurre-hurre geneukan». Durangoko Plateruenan, aldiz, espazio handi-handia zutela esan du. «Publikoa urrun geneukan, eta lekua zabal-zabala zen».
Asteon, Markina-Xemeingo Uhagonen egongo direla eta, kulturgunea aurreko bi asteetan eduki duten bi espazioen artekoa dela dio Elordik. «Dena dela, horretarako ere moldaketak egiten gabiltza».
Orain arte, publikoak oso ondo erantzun du. «Gu pozik gaude publikoaren erantzunagaz. Ilusio handiagaz antzezten dugu, eta gustura gaude».
Antzezlana, barrutik
Obarixo biaz! Teresa Caloren Historias de mujeres en crisis lanaren moldaketa bat da. Itzulpena Kattalin Arizmendiarrietak egin du; ondarrutar hutsean egindako antzezlana da. «Teresa Calok egindako antzezlanari buruzko geure bertsioa egin dugu, betiere, jatorrizko testutik urrundu barik. Alegia, ondarrutar moldaketa bat egin dugu, testua geureganatuz», dio Elordik.
Obarixo biaz! beharrean, batez ere, eguneroko gauzak, «tristeenak direla ere», era komiko batean aurkezten dituzte ondarrutarrek. «Historias de mujeres en crisis antzezlanean lau atal motz eta bi bakarrizketa batu ditu Teresa Calok, eta bizitzan dauden zailtasunei era komikoan aurre egiteko duen gaitasuna erakutsi du. Kasu honetan, krisian dauden emakume batzuk agertzen dira, baina ez maitasunak eragindako krisian, Teresa Calok ez du topiko horregaz bat egin. Krisi horren eragileak, batez ere, egoera ekonomikoak, existentzialak eta beharreko kontuak izan dira».
Ondarrutarren iritziz, krisi horri aurre egiteko erarik onena nork bere umoreari eustea da. «Barre egiteak ez du bizitza luzatzen bakarrik; bolada eskasak pasatzen, arintzen eta gozatzen ere laguntzen du».
Saioak eskaintzeko prest
Markina-Xemeinen saioa eskaini eta gero, beste herrietara joateko ere prest daudela diote Tramana & Brix-ekoek. «Gu zabal-zabalik gaude batera edo bestera joateko deiak hartzeko».