Bost kontzertu eskainiko ditu Kontzijoperock jaialdiak aurten
Kontzijopetik irten eta areto txikira zabalduko dira oraingoan, doinuak. Nebbian, Zero, Didar, Pornox eta Lau P4 taldeek osatzen dute aurtengo egitarauaUrtero modura, musikaz beteko da zapatuan, Kontzijopea. Lekeitioko musika taldeek Kontzijoperock jai...
Kontzijopetik irten eta areto txikira zabalduko dira oraingoan, doinuak. Nebbian, Zero, Didar, Pornox eta Lau P4 taldeek osatzen dute aurtengo egitaraua
Urtero modura, musikaz beteko da zapatuan, Kontzijopea. Lekeitioko musika taldeek Kontzijoperock jaialdia antolatu dute aurten ere, eta zuzeneko bost kontzertu entzuteko aukera edukiko dute zaleek.Herriko musika taldeei plaza bat eskaintzeko asmoz sortutako jaialdia indarra hartzen doa urtez urte, eta oraingoan, gainera, Kontzijopetik atera eta formatu txikiko kontzertu bat ere eskainiko dute. Horrela, zapatuan, 19:30ean, kontzertu akustiko bat egongo da Zulua tabernan, Nebbian talde gernikarraren eskutik.
Beste lau kontzertuak, berriz, Kontzijopean izango dira.
Talde ugari
22:00etan hasiko da betetzen udaletxe azpia, eta herriko hiru taldek eta Ondarroako batek joko dute bertan. Lekeitioko Zero, Didar eta Pornox eta Ondarroako Lau P4 aterako dira Kontzijoperock jaialdiko oholtza gainera.
Kontzertuetako sarrerak 3 euro balioko ditu, baina kontsumizio bat sartzen dela jakitera eman dute antolatzaileek. Sarrerak, Kontzijopeko bertan atarian erosi ahalko dira.
Lekeition dagoen musika taldeen mugimendua nahikoa handia da. Hamalau talde daude momentu honetan martxan, eta euretako asko Lekittoko Musika Elkartearen baitan batzen dira. Elkarteari izena jarri diote oraintsu: Burrundada Musika Elkartea.
Kultur etxean entsegatzen dute herriko talde guztiek, baina toki falta eta ordu eskasia nabari dutela azaldu dute. «Gela bat daukagu guztientzat, eta oso justu egoten gara. Gainera, domeketan zarratuta egoten da», adierazi dute. Beraz, «guztiek aukera berak izateko eta taldeak aurrera ateratzeko» udalari areto bat eskatzeko asmoa daukatela aurreratu dute.