Behin-behinean bertan behera utzi du Urdaibairen zigorra EAEko Auzitegiak
Traineruen Kluben Elkarteko epaileak 2010ean Bermeoko taldeari ipini zion zigorra da momentuz bertan behera geratu dena. 'Estrobo auzia' argitu arte hartu du erabakia auzitegiakEuskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak behin-behinean berta...
Traineruen Kluben Elkarteko epaileak 2010ean Bermeoko taldeari ipini zion zigorra da momentuz bertan behera geratu dena. ‘Estrobo auzia’ argitu arte hartu du erabakia auzitegiak
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak behin-behinean bertan behera utzi du 2010. urteko ligan Traineruen Kluben Elkarteko epaileak Bermeoko arraun klubari ezarri zion zigorra. Hala, dopinaren inguruko Estrobo auzia argitu bitartean hartu du behin-behineko erabakia EAEko Auzitegi Nagusiak.Orain dela bost urteko liga hartan Urdaibaik irabazitako puntu guztiak kendu eta isun ekonomikoa ipini zioten. Hain zuzen, isun hori bere horretan mantenduko da.
Izan ere, EAEko Auzitegiaren arabera, «zigorrak bi egintza eta bi arau-hauste desberdinei dagozkie». Haren esanetan, isun ekonomikoak «dopin substantzien jabetzari» eragiten dio. Eta, puntuak kentzeko zigorra, berriz, «arraunlarien dopatze antolatuari» dagokiona da.
Auzia noiz argituko zain
Klubari duela aste batzuk jakinarazi zion haren abokatuak EAEko Auzitegi Nagusia erabaki hori hartzekotan zela. «Lasai» daude, eta epaiketetako prozesua amaitzean klubaren aldeko epaia izatea espero dute. «Gu oso lasai gaude; ez dagoen lekutik ezingo dute ezer atera, ez dago nondik heldu», adierazi du orduko presidente Josu Zabalondok.
Abokatuak lasai egoteko esan zien hasieratik, eta orain ere epaia beraien aldekoa izatearen itxaropenagaz jarraitzen dute. «Guk ez genuen ezer egin, eta mutilek ere ez», azpimarratu du Zabalondok. Eta horren erakusle arraunlariek azken urteetan erakutsitako maila dela dio.
Haren ustez, azken urteetako taldearen maila altuak eta lortutako emaitza onek argi utzi dute kontua. Izan ere, dioenez, bai lehenago bai eta orain ere, dopin kontrolak garbi pasatu dituzte Urdaibaiko arraunlariek.
Arrazoia emango dietela argi dute, baina, edonola ere, auzia horrenbeste luzatzea, neurri batean, euren kalterako dela uste dute. «Orain lasai gaude, baina, zoritxarrez, asko luzatu da kontua; kaltea eginda dago, lo asko galdu dugu kontu honegaz».
2010. urtean bermeotarrek Kontxako bandera irabazi ostean, Jose Luis Korta Kaikuren entrenatzaileak arraunlariak «dopatu» izana leporatu zien. Salaketa horren aurrean, Fiskaltzak kasua ikertzeko erabakia hartu zuen, eta Zabalondogaz batera, bi sendagile, erizain bat eta arraunlarien entrenatzailea auzipetu zituzten.