Txakurrak kontrolatzeko eta herria garbi mantentzeko kanpaina abian da
Astelehenetik aurrera, udaltzaingoak jarraipen zehatzak egingo ditu zonaldeka, Alde Zaharretik hasita. Txakurren kaka gehien dauden guneak ere identifikatuko dituzteBermeoko Udalak txakurrak eta orokorrean animalia guztiak kontrolpean izateko eta herri...
Astelehenetik aurrera, udaltzaingoak jarraipen zehatzak egingo ditu zonaldeka, Alde Zaharretik hasita. Txakurren kaka gehien dauden guneak ere identifikatuko dituzte
Bermeoko Udalak txakurrak eta orokorrean animalia guztiak kontrolpean izateko eta herria garbi mantentzeko kanpaina martxan jarri du. Hala, animalien inguruko ordenantza gaurkatu du, udaltzaingoak jarraipen zehatzak egingo ditu, eta eskuorri informatiboak ere banatzen hasi dira. Txakur bat izateak ematen dituen ardurak eta horrek ez betetzearen ondorioak gogorarazten dizkiete jabeei eskuorrien bitartez.Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Juan Karlos Agirreren arabera, «herritar askok ondo zaintzen dituzte animaliak, arauak betetzen dituzte eta kakak jasotzen dituzte». Hala ere, «zoritxarrez» gutxiengo batzuen «arduragabekeriagatik» herritarren segurtasuna arriskun jartzen da, eta herria txukun egotea galarazten da.
Txakurren jabeei gogorarazi gura die txakur guztiak erroldatuta eta identifikatuta egon behar direla. Horrela ez bada, arrisku bako txakurren jabeek 200 euroko isuna izango dute aurrerantzean, eta 500 eurokoa, berriz, arriskutsuak izan daitezkeenak. Era berean, txakur arriskutsuek gainontzeko lizentzia bat behar dute, Berh@z bulegoan eskatu behar dena. Gainera, txakur horiek eramateko jabeek baimena behar dutela gogorarazi dute.
Kakak edukiontzietara
Ugalaren bidez lotuta joateren beharra ere aipatu dute, gehienez, bi metrokoa izan daitekeela zehaztuta. Isunak, kasu horretan, 301 eurokoa eta 500 eurokoa (arriskutsuak) lirateke. Gainera, txakurrak solte ibiltzeko eremuak herrian badaudela aipatu du, «gune eta ordutegi desberdinetan».
Txakurren kakak ez batzeagatik jartzen duten isuna 200 eurokoa dela azaldu dute: «Arduradun guztiek kakak batu behar dituzte, eta txiza non egiten duten kontrolatu». Herriko hainbat lekutan dauden kakak botatzeko edukiontziak erabiltzeko deia egin diete txakurren arduradunei.
Aipatutako guztiak betetzen diren egiaztatzeko, Bermeoko udaltzaingoa jarraipen zehatzak egiten hasiko da astelehenetik aurrera. Zonaldeka egingo dituzte jarraipenak, Alde Zaharretik hasita. «Horrek ez du esan gura gune horretan bakarrik jarriko dituztela isunak», dio Agirrek.
Epe luzerako kanpaina
Beste alde batetik, zerbitzuetako langileek garbitasun lanak egiterakoan, txakurren kaka gehien dauden tokiak identifikatuko dituztela esan du Agirrek, eta udaltzainei emango diete horren berri. Herritarrek, gainera, Abisuek aplikazioaren bitartez ere horren berri eman dezaketela gogorarazi du.
«Herritar guztien parte hartzea ezinbestekoa» dela dio zerbitzuetako zinegotziak, «animaliak ondo zainduta eta kontrolpean egoteko eta herria garbi mantentzeko».
Epe luzerako kanpaina izango da Bermeoko Udalak martxan jarri duena, «denboran mantenduko da, eta pauso desberdinak emango dira».