Miaketa batean jipoitu egin dutela salatu du Ibon Goieaskoetxea presoak
Zigor Goieaskoetxea anaiagaz bisita baten osteko kontrol arrunt batean edukitako arazo bat tarteko, elkar ikusteko debekua ezarri die espetxeak, sei hilabeterakoIbon Goieaskoetxea preso politiko busturiarrak apirilaren 23an jipoitu egin zutela salatu d...
Zigor Goieaskoetxea anaiagaz bisita baten osteko kontrol arrunt batean edukitako arazo bat tarteko, elkar ikusteko debekua ezarri die espetxeak, sei hilabeterako
Ibon Goieaskoetxea preso politiko busturiarrak apirilaren 23an jipoitu egin zutela salatu du. Fleury-Merogis espetxean dute preso, eta miaketa baten ostean gertatu zen erasoa, busturiarrak berak salatu duenez. Etxeratek ere salatu egin du erasoa.Euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak azaldu duenez, «gertaera larri» horrek Goieaskoetxearen anaia Zigorri Fleuryn bertan debekatutako bisita batean dauka jatorria. Busturiko presoak azaldutakoaren arabera, Zigor anaiak, aurreko bisita batean, ekzema batekin erratu zuen ihesaldiak saihesteko tanpoiaren tinta, eta eskua ukitu zion anaiari. Ondorioz, Zigorrek berak ere eskua zikindu zuen tinta horregaz. Bisitaren osteko kontrol arruntean, horrekin konturatu, eta txostenean apuntatu zuten funtzionarioek. Gertaera horri buruz galdetu zuen Ibon Goieaskoetxeak, baina arazorik ez zela erantzun zioten. Hala ere, hurrengo bisitan anaiari ez zioten sartzen utzi.
Zigor ziegara, protestan
Gerora jakin dute Zigor Goieaskoetxeari Ibon anaia ikusteko debekua jarri diotela, sei hilabeterako. Oraindik, baina, debekuaren zergatia ez dietela argitu esan du Etxeratek, «ezta behar bezala jakinarazi ere». Debeku hori presoen senideen aurkako erasoa zela esan zien Ibon Goieaskoetxeak presondegiko arduradunei, eta, protesta modura, bere kabuz zigor ziegara joateko erabakia jakinarazi.
Zigor ziega horretara ailegatzean miaketa egin zioten hainbat poliziek. Goieaskoetxeak kontatu bezala, den-dena haiek esan modura egin zuen. Hala ere, jipoitu egin zuten. Momentu hartan, espetxe zuzendaria ere bertan zegoela kontatu du Busturiko presoak: «Ate ataritik zerbait esan zidan, baina ez nion ulertu, eta bizkarra eman nion».