Kirol Batzordeak 2014. urteko Kirol Sariak banatuko ditu biharko galan
Sariek kirol ibilbiderik nabarmenenak sarituko dituzte. Ioana Osa triatletak bigarrenez jasoko du saria. Gonbidatu bereziek banatuko dituzte oroigarriakOndarroako Udaleko Kirol Batzordeak antolatutako kirolaren laugarren gala ospatuko da bihar, Kofradi...
Sariek kirol ibilbiderik nabarmenenak sarituko dituzte. Ioana Osa triatletak bigarrenez jasoko du saria. Gonbidatu bereziek banatuko dituzte oroigarriak
Ondarroako Udaleko Kirol Batzordeak antolatutako kirolaren laugarren gala ospatuko da bihar, Kofradia Zaharrean. Bertan, 2014. urteko kirol sariak banatuko dituzte, 19:30ean hasiko den ekitaldian.Denetara lau sari banatuko dituzte: urteko kirolaria emakumezkoa, urteko kirolaria gizonezkoa, urteko kirol taldea eta aipamen berezia.
Koaxi Triatloi Taldeko Ioana Osa Larruzea triatleta izendatu dute 2014 urteko kirolaria emakumezkoetan. Ondarroako taldean ari den kirolariak marka bikainak lortu ditu azken urteotan; aurreko astean, esaterako, Senperen egin zen triatloian laugarren amaitu zuen, distantzia olinpikoan. Triatleta ondarrutarrak saria jasotzen duen bigarren aldia izango da, iaz ere sari berbera jaso zuen.
Gizonezkoetan, ordea, urteko kirolaria saria Mikel Iriondo Anakabe igerilariak jasoko du. Iaz indartsu ibili zen ondarrutarra, eta parte hartu zuen hainbat lehiaketetan marka ezinhobeak lortu zituen. Beste hiru lagunegaz batera, 4 x 100 metroko errelebu libreetako masterren munduko errekorra hautsi zuen, eta Europa mailan ere maila ona erakutsi zuen. Aurtengo denboraldiari dagokionez, aurreko astean Espainiako txapelketan parte hartu zuen.
Aranguenari aipamena
Urteko kirol taldearen saria Aurrera Kirol Elkarteak jasoko du. Iaz denboraldi bikaina egin zuten Xepe Gallastegiren mutilek, sailkapen taulako goi aldean amaitu zuten, eta aurten ere bide onetik doaz; hirugarren mailara igoera lortzeko postuetan dira ondarrutarrak.
Amaitzeko, aurtengo kirolaren galan aipamen berezia egingo diote Jose Aranguenari. Kirolaren inguruan egindako etengako lanagatik jasoko du saria Aranguenak. Besteak beste, Zaldupe futbol zelaian eta bertako kirolgunean urteetan egindako lana sarituko dituzte galan.
Sarituez gain, Ager Solabarrieta eta Maite Badiola tiro olinpikoan aritzen direnak ere gonbidatu ditu kirol batzordeak; eurek banatuko dituzte sariak. Solabarrietak eta Badiolak denboraldi bikaina egin zuten iaz; besteak beste, Espainiako txapelketa lortu zuten tiro olinpiko egokituan.