'OligopolyOFF' estreinatuko dute Markina-Xemeinen eta Lekeition
Europako 3. elektrizitate garestiena zergatik daukagun galderari erantzuteko, OligopolyOFF dokumentalaren emanaldia antolatu du Barrizar Energi Zerbitzuen Kooperatibak Markina-Xemeinen eta Lekeition.Eredu Energetiko Berri Baterako plataformak egindako ...
Eredu Energetiko Berri Baterako plataformak egindako dokumentalak gaur egungo egoera energetikoa erakutsi eta herritarrek beste eredu energetiko bat lortzeko egin dezaketena azaltzen du. OligopolyOFF bihar eta etzi estreinatuko da espainiar estatuko eta Euskal Herriko 90 herri eta hiritan. Markina-Xemeingo eta Lekeitioko emanaldiak bihar izango dira, 19:00etan, kultur etxeetan.
Politika energetikoa erregai fosilen oligopolioko enpresen interesetara hipotekatuta dagoela azaltzen du dokumentalean Eredu Energetiko Berri Baterako Plataformak, eta gobernu ezberdinak presionatzen dituztela euren etekinak gero eta haundiagoak izateko. «Herritarrok energia edukitzeko dugun eskubidea ez da babesten, ez eta aldaketa klimatikoari aurre egingo dion politika energetiko zentzudunik ere», diote.
Aztarna ekologikoa ere gero eta handiagoa da: «Elektrizitate eta gasaren igoerak etengabeak dira, gero eta jende gehiago pobrezia energetikoan bizi da, eta energi berriztagarriei murrizketak jartzen zaizkie». Kanaria uharteetako prospekzioak, fracking-a, Castor proiektua, Villar de Cañaseko hilerri nuklearra eta PP eta PSOEko gobernuek elektrikei 3.400 milioi eman izana ere erakusten dute. Proiektu horien aurkako borrokekin batera, energia berriztagarrietan oinarritutako alternatibak ere proposatzen dituzte.
Eredu Energetiko Berri Baterako plataforma 250 elkartek osatzen dute, eta dokumentala egiteko 600 pertsona baino gehiagoren laguntza eduki dute.