Ohorezko mailan Bizkaia Gernika Rugby taldeak seigarren amaitu du denboraldia, 44 puntugaz. Titulua lortzeko final laurdenak jokatuko dituzte bi aste barru Complutense Cisneros talde madrildarraren kontra. HITZAk Oskar Astarloa (Elorrio, 1974) taldeko entrenatzaileagaz berba egin du, denboraldiko balorazioaren eta esku artean duten erronkaren inguruan.
Denboraldia amaituta, zelako balorazioa egiten duzu?
Lan on bat egin dugu, eta nire ustez, hori da garrantzitsuena. Denboraldi osoan partida onak jokatu ditugu; txarrak ere izan dira hiruzpalau. Esaterako, Cisnerosen kontra Santanderren jokaturiko kopako partida, edota azken aurreko jardunaldian Getxoren kontra lehiatu genuen derbia. Baina, hala ere, orokorrean denboraldi ona egin dugula uste dut.
44 puntugaz seigarren postuan geratu zarete. Denboraldia hasi aurretik zehaztutako helburuak bete al dituzue?
Talde moduan aurtengo helburua beste urte betez lehenengo mailan, Ohorezko mailan jarraitzea zen. Uste dut hori aspaldi lortu genuela, eta, gero, agian, dezente lasaitu edo erlaxatu ginen. Zenbaitetan gogo falta edo motibazio falta igartzen zen jokalariengan. Azkenean lortu dugu seigarren postua; entrenatzaile moduan markatu nuena, eta nik uste dut gure lekua zela.
Final laurdena partida bakarrera lehiatuko duzue Complutense Cisneros talde madrildarraren kontra. Nolako norgehiagoka aurreikusten duzu?
Zuk diozun moduan, final laurdena partida bakarrera da, eta badakigu oso zaila izango dela. Baina Madrilera beste errugbi partida bat jokatzera joan behar gara, El Salvadorrren kontrako azken partidan jokatu genuen moduan. Hemendik bi astera jokatuko dugu, 16an. Bi baja izango ditugu, eta, bestalde, baditugu beste lesio batzuk, eta espero dugu Madrilerako errekuperatzea. Gaudenokin ea lortzen dugun partida on bat egitea, eta kanporaketa pasatzen badugu, askoz hobeto. Liga irabazteko aukera badugu.
Zaleak, behintzat, pozarren daude.
Bai, ilusio apur bat piztu duela igarri dugu, eta aldagelan ere jokalariak pozik ikusten dira. Azkenean ondo jokatuta edozeini irabazteko kapaz garela ikusi eta erakutsi dugu. Eta ea ikasten duten horretatik; baietz espero dut. Azkenean, partida guztia jokatu behar da, motibazio handiagaz eta ondo edo txarto egin beste gauza bat izango da; baina, behintzat, presente egon partida bakoitzeko.
Zein da liga irabazteko faborito nagusia?
Quesos Entrepinares da talde indartsuena; hori erakutsi du denboraldian. Talde oso bat ikusten da, ez dute izan lesio handirik, eta niretzat bera da faboritoa.