Bai, aurrekoan txapeldunorde izan ginen, Portugaleterengandik puntu bakarrera geratuta. Oraingoan espero du puntu bat aurretik geratzea, eta txapeldunak izatea.
Herrian gogoberotuta dabil jendea, eta jokalariak, teknikoak, zuzendaritza taldekoak, zaleak… denik ilusio itzela dugu. Taldea hainbatetan geratu da txapeldunorde, baina, sekula ez du liga irabazi. Amaiera arte borrokatuko gara, ezin dezakegu aukera hau pasatzen utzi.
Gainera, jokalari gehienak bertokoak dira.
Bai, eta uste dut horrek meritu handiagoa duela. Taldearen %80 inguru gernikarrak dira. Harrobiko jokalari asko ditugu, gazteak, eta talde lehiakorra izateko lan handia egin dugu. Hirugarren mailan harrobiko jokalari gehien dituen taldea gara. Partida gehienetan titularren artean zazpi edo zortzi herrikoak izan dira, eta hori nahikoa adierazgarria dela uste dut.
Aurreko barikuko partida irabazi zenuten, baina puntu bakarra nahikoa zenuten play off-ak jokatzea ziurtatzeko.
Hala da, puntu bakarra bigarren postua ziurtatzeko nahikoa zen, baina, gu ez ginen horregaz konformatzen. Gehiago gura genuen; hiru puntuak eskuratu eta liderrarengandik hiru puntura jarri nahi genuen, liga irabazteko aukerekin.
Berio ez da aurkari erraza, baina zuek hobeto jokatu zenuten.
Partidan nagusitasun osoz aritu ginen. Helburua hiru puntuak lortzea zen, eta jokalariek gogor lan egin zuten hori lortzeko. Berioko atezainak lanak izan zituen, eta hiru bat geldialdi bikain egin zizkigun. Talde oso ona daukagu, eta gauzak oso ondo egiten ari gara, ia golik jaso barik.
Talde oso ona dela aipatu duzu. Orain arteko balorazio baikorra egiten duzu, beraz.
Bai, balorazioa ezin da izan positiboagoa. Denboraldia nahikoa irregular hasi genuen, baina hamargarren jardunalditik aurrera gauzak oso ondo atera zaizkigu. Buelta oso bat partidarik galdu barik daramagu. Hain zuzen ere, galdu genuen azken neurketa Berioren kontrakoa izan zen, abenduaren 12an. Ordutik, bost hilabetean berdindu edo irabazi baino ez dugu egin. Jokatutako 36 partidetatik bost baino ez ditugu galdu.
Datu oso onak dira horiek, taldeak egin duen lan onaren erakusle.
Bai, hala da. Orain arteko balorazioa oso ona den arren, bikaina izan dadin lanean jarraituko dugu. Bigarren B mailara igotzea denboraldia borobiltzeko modurik onena litzateke. Falta diren bi jardunaldiak irabazteko borrokatzea da orain gure helburua, eta gure esku ez dagoen arren, liga irabazteko borrokatuko gara.
Liga amaitu eta biharamunean, maiatzaren 18an egingo dute play off-etako zozketa. Zelako kanporaketa izatea espero duzu?
Eginahalak egingo ditugu, play off-etan dena eman eta igoera lortzen saiatuko gara. Badakigu ez dela izango erraza, baina orain arte moduan jokatu behar dugu, oso fidagarriak izaten. Gainera, momentu onean gaude, momentu onenean, agian, eta taldea fresko eta sendo dago. Otsailetik apirilera bitartean hainbat baja izan ditugu lesioen ondorioz. Lesio asko zelaiaren egoera txarrak eragindakoak izan ziren. Baina, guzti hori gaindituta, ilusio eta umiltasunez beterik gaude.
Bi jardunaldi baino ez dira falta denboraldia amaitzeko. Zelako partidak aurreikusten dituzu?
Bi talde oso onen kontra lehiatuko ditugu hurrengo jardunaldiak. Baina, hala eta guztiz ere, sei puntuak lortzeko baikor gaude. Zamudio bigarren buelta motel xamarra egiten dabil, baina aurkari arriskutsua da, irabazteko zaila da, eta, gainera, bere etxean jokatuko dugu. Beste alde batetik, Balmaseda ondo hasi zen, talde ona dauka, eta bigarren buelta ikusgarria egiten ari da.