Pastoral xume bat egitea zen hasierako asmoa; lagun arteko lana, baina, denboragaz ia herri osoko proiektu bihurtu zen Kostaldeko Pastoral Txikia. Zapatuan estreinatu zuten Ibarrangeluko San Andres elizan, eta 70 lagunetik gora pasatu ziren oholtzatik.
Ordu bete pasatxoko emanaldian On Domingo Zuluaga (Ibarrangelu, 1914-Ibarrangelu 2010) garai bateko udalerriko abadearen bizitza errepasatu zuten. Haren bizipen batzuekin osatu dute pastorala, On Domingok idatziriko Ibarrangelu kantu eta kontu liburuko zenbait pasarte hartuta. Gainera, pastoral tradizionalen moduan, ikusleentzat liburuxka bat prestatu zuten.
Hasierako agurraren ostean, umetako On Domingo agertu zen oholtzara. Gurasoak Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren bera ume txikia zela, eta arrebak zaindu zuen. Ostean, seminario garaiko pasartea antzeztu zuten. Bertan zegoela, Manuel Lekuona eta Jose Mari Barandiaran ezagutu zituen, eta horiek eragin nabarmenda izan zuten harengan.
Bestalde, 36ko gerra eta Frankismo garaiko testuinguruan Zuluagak bizitako pasarteak kontatu zituzten. Esaterako, Eusko Jaurlaritzarentzat egindako komunikazio lanak edota Guardia Zibilaren aldetik jasandako jazarpena irudikatu zituzten. Hala, herriko gazteei dantzan erakusten, edota euskarazko eskolak ematen ageri zen abadea.
Haren heriotza antzeztu zuten amaieran, eta herriko esaera zaharrak, ipuinak, kantuak eta herriko jokoak biltzen dituen liburua ere izan zuten hizpide.
Emaitzarekin gustora, pozik geratu dira ikusle zein antzezleak, eta hunkituta amaitu zuten herritar askok.
Elkarlanaren fruitua
Adin tarte guztietako herritarrek hartu dute parte. Antolatzaileen berbetan, “laguntza asko izan dugu, jendea animatu da, trebetasun handiko jendea topatu dugu eta taldeko lanagaz lortu dugu proiektua bideratzea”.
Batzuk josten, beste batzuk marrazten, materiala topatzen, argiztapena ipintzen… denetarik egin dute. Eta herriko korua eta dantza taldearen eta eskualdeko musikarien partaidetza izan dute. “Elkar ezagutzeko ere balio izan digu, eta halako proiektu bat elkarrekin aurrera ateratzea gauza ederra da”.
Hiru hilabete inguruan prestatu dute dena. Zuberoako pastoralen elementu batzuk mantendu dituzte, eta beste batzuk herrira egokitu, ikusle denek ulertzeko.