Hegazti migratzaileak ikuskatzeko bisita gidatua egingo da domekan
Bi ordu eta erdiko bisitan hainbat espezie ikusteko aukera egongo da. Alleriko paduran dauden hegaztiez gain, portura joan eta hango kaioen ohiturak ezagutzeko aukera egongo daHegazti Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, bisita ornitologiko berez...
Bi ordu eta erdiko bisitan hainbat espezie ikusteko aukera egongo da. Alleriko paduran dauden hegaztiez gain, portura joan eta hango kaioen ohiturak ezagutzeko aukera egongo da
Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, bisita ornitologiko berezia antolatu du domekarako Ondarroako Turismo Bulegoak.Azken asteotan beste bi bisita ornitologiko egin dira, baina domekakoa «bereziagoa» izango dela aurreratu dute turismo bulegoko arduradunek. «Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, oraingo honetan bisita gidatu luzeagoa egitea erabaki dugu. Aurrekoetan Allerin bakarrik ibili gara. Oraingo honetan Alleri eta inguruko hegaztiak ikusteaz gain, portura ere hurreratuko gara. Jakina da bertan espezie ezberdinetako kaio taldeak daudela, eta haietxek ikustera joango gara».
10:30ean Turismo Bulegotik irten eta bi ordu eta erdi inguru iraungo duen bisita gidatuan hainbat espezie ikuskatzeko aukera edukiko dute bisitariek. Azkenekoz Alleriko padurara egindako bisita ornitologikoan, esaterako, espezie ugari ikuskatu zituzten: zapelatzak, lertxun hauskarak, ubarroiak, kulixka txikiak, txinbo kaskabeltzak, paranda, lezkari arruntak eta zingira berdantzak, besteak beste. «Horiek guztiez gain, arrano arrantzale bat ere ikusteko aukera izan genuen. Era berean, ornitologoek argazki onak ateratzeko erabiltzen dituzten trikimailuak ere ezagutu genituen».
Ibilbide erraza
Hegazti horiek guztiak eta gehiago ikusi ahal izateko, gidari aditu baten laguntza izango dute; Diego Mendoza Debanaturako arduradunak emango ditu azalpenak.
Irteera doakoa izango da, eta adin guztietako herritarrei zuzenduta dago. Antolatzaileek herritar guztiak bertara gonbidatu dituzte: «Hegaztiak gustuko badituzu, eta oro har, hegaztien migrazioak Ondarroan eta Euskal Herrian duen garrantzia ezagutu nahi baduzu, etorri!»
Egingo den ibilbidea erraza da, eta hegaztiak hobeto ikuskatzeko prismatikoak eramatea gomendatzen da. Erreserba egin edo informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuek Ondarroako Turismo Bulegora jo (Erribera 9, Kofradia Zaharra), 94-683 19 51 telefono zenbakira deitu edota turismobulegoa@ondarroakoudala.net helbidera posta elektroniko bat bidali beharko dute zapatua (hilak 9) aurretik. Lekuak mugatuak dira.