Giro ederrean ospatu dute maiatzaren leheneko azoka
Ibarrangeluko eta inguruko herrietako bizilagun asko egon ziren barikuko azokan. Askorentzat jai eguna izanda, inork ez zuen hutsik egin nahi izan bi urterik behingo hitzordura.11:30ak orduko, erakusmahaiak bertako eta inguruetako ekoizleen produktuz b...
11:30ak orduko, erakusmahaiak bertako eta inguruetako ekoizleen produktuz beterik zeuden. Ortuariak, etxeko ogia, euskal pastela, eztia, mermelada, antxoa, bitxiak… ikusteko eta erosteko eskaintza zabala izan zuten herritarrek.
Bestalde, zaldiekin herrigunetik txangoa egiteko aukera ere eduki zuten. Eta aukera ondo aprobetxatu zuten askok. Udaletxe parean ilaran zain, norbere txanda noiz helduko itxaroten zeuden. Pozik ibili ziren denak zaldi gainean, batik bat ume eta gaztetxoak.
Azokan bitxikeria ugari zeuden, esaterako, Athleticen inguruko argazki erakusketa bat. Dotore apaindu zuten, inguru guztia zuri-gorriz. Hain zuzen, aspaldiko zuri-beltzeko argazkiekin eta azken urteetakoekin osatu zuten erakusketa.
Goiz eta eguerdian ez ezik, arratsaldean ere jai giroa izan zen nagusi. Mus eta briska txapelketak jokatu zituzten bazkalostean. Eta, 18:00etatik aurrera, Atzekabe taldearen abestiek alaitu zuten giroa. Maitzama erromeriagaz kantuan eta dantzan amaitu zuten eguna.