Bermeoko saihesbidea zabaldu dute, 33 hilabeteko lanen ostean
Saihesbideak hiru kilometroko luzera dauka, eta hego-ekialdetik inguratzen du herrigunea. Aldundiak dioenez, 2.000 ibilgailu aterako ditu herrigunetik egunero33 hilabetean lanak egiten ibili ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean zabaldu du Berm...
Saihesbideak hiru kilometroko luzera dauka, eta hego-ekialdetik inguratzen du herrigunea. Aldundiak dioenez, 2.000 ibilgailu aterako ditu herrigunetik egunero
33 hilabetean lanak egiten ibili ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean zabaldu du Bermeoko saihesbidea. Hego-ekialdetik inguratuko du herrigunea azpiegiturak, eta hiru kilometroko luzera dauka.Bermeotik Mungiarako BI-631 errepidearen eta Bermeotik Gernika-Lumorako BI-2235 errepidearen zirkulazioak batuko ditu gaurtik aurrera, Landabaso industriagunetik hasi eta portuaren ingururaino, hain zuzen ere.
Proiektua osatzeko, gainera, 1,7 kilometroko luzera daukan oinezkoentzako pasealekua egin du foru aldundiak Bermeo eta Mundaka artean, BI-2235 errepide ondoan. Hainbat dira egunero pasealeku hori erabiltzen duten ibiltariak.
Bizkaiko Foru Aldundiak eman dituen datuen arabera, «saihesbideak, egunero, 2.000 ibilgailu aterako ditu herrigunetik». Ibilgailu horietako gehienak, gainera, astunak izango direla zehaztu dute.
Orografia «oso konplexua» duen inguru batean dago Bermeoko saihesbidea. Horregatik, Aranondoko, Utzueneondoko eta Zarraneko maldak gainditzeko, beharrezkoa izan da egitura independenteak jartzea. Honako azpiegiturekin daude osatuta lanak: Ganetako tunela (710 metro) eta Dibioko (58 metro) eta Almikaondoko (155 metro) tunel faltsuak.
Bi une konplexu
Aldundiak 53 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Bermeoko saihesbidean. 2012. urteko uztailaren azkenengo astean hasi zituzten lanak. Horrenbestez, 33 hilabete behar izan dituzte lanok amaitzeko, eta alor teknikoari dagokionez, bi izan dira egitekorik konplexuenak, foru aldundiaren arabera: Ganetako tunelaren alde bietako lanak elkartu zituztenean (2014ko maiatzaren 8an) eta Utzuenondoko bide-zubia bere pilote baten gainean biratu zuteneko maniobra (2015eko urtarrilaren 27an). Maniobra hori egiteko beharrezkoa izan zuten edukiera handiko garabi bat erabiltzea. Garabi horren bitartez, egitura behin behineko euskarrietatik behin betiko ainguratze puntura mugitu ahal izan zuten.