Ibon Goieaskoetxearen egoera salatzeko Gernika-Lumon egindako elkarretaratzeetako bat
Euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak, Etxeratek, jakinarazi duenez Fleury-Merogis kartzelan dagoen Ibon Goieaskoetxea busturiarrak apirilaren 23an miaketa batean jipoitua izan zela salatu du. “Urraketa larri” horrek Zigor bere anaiari Fleuryn bertan debekatutako bisita batean du jatorria, Goieaskoetxearen arabera, “hara joateko egindako kilometroak egin ostean”. Etxeratek azaldu duenez, Goieaskoetxeak erabaki hori “bidezkoa ez zela jakinarazi zien lasaitasunez arduradunei, horrelako eraso zuzena ezin zuela onartu”. Ondoren, protesta modura ziegara bere borondatez igoko zela adierazi zien arduradunei Goieaskoetxeak.
Elkartetik jakinarazi dutenez, miaketa gelan eraso zuten busturiarra: “lepotik eta bizkarretik lurraren aurka helduta zutela, ostikadak eta buru atzean kolpeak jaso zituela saladtu du Goieaskoetxeak. Eskuak eta besoak ere bihurritu zizkioten. Ondoren, ziegara eskuburdinekan eraman ostean, berriro jipoitu zutela salatu du”.
Sei hilabeteko debekua
Etxeraten arabera, martxoaren 9tik anaia ikusteko sei hilabeteko debekua ezarri diote Zigor Goieskoetxeari. Oraindik, baina, debekuaren jatorria ez zaiela argitu esan du Etxeratek, “ezta behar bezala jakinarazi ere”.
“Dirudienez, martxoko ustezko kontrol arrunt batean izan lezake jatorria. Haiei momentuan ezer jakinarazi z bazieten ere, datuei erreparatuta hori ematen du. Martxoaren 7ko bisitan, Zigor ihesaldiak ekiditeko tinta ultravioletaz zikindu zen nahigabe anaiaren eskua ukitzerakoan, eta Ibonen identitatea barruan konprobatu arte atxiki zituzten anaia eta bere neska. Etxeratek azaldutakoaren arabera, “Hatz marken bidez kartzelakoa Ibon bera zela egiaztatu eta bere horretan geratu zen afera, hasieran horrela pentsatu zutenez. Horren ondotik, Ibon deitu eta ihesaldi bat prestatzen ari ote zen esanez mehatxatu zuten kartzelan. Berak ezezkoa eman eta zuzendariarekin biltzeko eskatu zuen handik egun batzuetara, haren eta anaiaren aurka zeozer zegoen jakiteko. Ezetz erantzun zioten”.
Martxoaren amaieran, ordea, beste senitarteko bat ohartu zen Zigorren bisita txartelean zerbait gorriz idatzia zuen
post-it bat itsatsia zegoela. Ia zer zen galdetuta, funtzionarioek ez zioten erantzun. Horiek ikusita, apirileko 17ko bisita baino lau egun lehenago kartzelara deitu zuen Zigorrek, haien kontra zerbait zegoen jakiteko. Lasai joateko erantzun zioten, tankerako ezer ez zutela jaso. Hara heltzean, ordea, baimenik ez zuela esan zioten, gerora sei hilabeteko debekua ezarrita zuela jakiteko, martxoaren 9tik irailaren 9ra, hain zuzen ere.
Hori baieztatzen zuen epaitegiko dokumentua eskatu zuen anaiak baina ukatu egin zioten, txosten baten azken orria baino ez zioten eman, momentuan boligrafoz gehitutako bere izen eta zigilu batekin. Hurrengo goizean berriz joan zen kartzelara, familiaren abokatuak faxa bidali ostean. Kartzelatik, ukatu egin zuten zerbait jaso izana eta arduradunarekin biltzea eragotzi zioten. Bost egun beranduago jipoitu zuten Ibon.
2012ko uztailean Villefrancheko kartzelan ere eraso zuten Goieaskoetxea busturiarra beste preso batzuekin batera.
Etxeratek salatu duenez, “bertsio kontrajarriak heldu zaizkie”. Alde batetik, kartzelak Zigorri jakinarazpen bat helarazi ziola esan zion, haren helbide zaharrera, baina. Hala izatekotan bueltan jaso behar izan zuten gutun hori, hartzailea ez topatzerakoan, baina ez da horrelakorik gertatu. Bestalde, kartzelako arduradunetako batek abisurik sekula ez dutela bidaltzen baieztatu zion Zigorri. Familiaren abokatuek idatzi bat helarazi diote prokuradoreari azalpenak eskatuz. Erantzunak jasotzerakoan baloratuko dute zer egin.
Elkarteak jakinarazi duenez, Fleuryko 2. dibisioan Ibonekin dagoen Joseba Iturbide euskal preso politikoa ere zigor ziegan sartu zela harekin elkartasunez. Biak aste honetan atera beharko liratekeela esan dute, gainera. Beste behin ere, familietan harremana mantentzeko eskubidea, bisita eskubidea, tratu txarrik ez jasotzeko eskubidea… “larriki urratuak izan dira” Etxeraten arabera. Hala, Etxerat Elkartetik “eskubide arruntak defendatzeko horren borroka gogorrak eramatera behartzen dituzten jarrera horiek ozen” salatzen dituzte, “eta preso daudenen eskubideen errespetua exijitzen dute”.
Ibon Goieaskoetxearen salaketa (pdf)