Portura joateko sarrera berria. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
2012ko uztailean hasitako lanak amaitzera doaz. Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, bihar bertan zabalduko dute Bermeoko saihesbidea. Ibilgailuek goizeko lehenengo ordurako saihesbidea erabiltzeko aukera izango dutela azaldu dute.
Bermeoko saihesbideak hego-ekialdetik ingurutako du herrigunea eta hiru kilometroko luzera izango du. Bermeotik Mungiarako BI-631 errepidearen eta Bermeotik Gernika-Lumorako BI-2235 errepidearen trafikoak batuko ditu; Landabaso industriagunetik hasi eta portuaren ingururaino, hain zuzen ere. Proiektua osatzeko, gainera, Foru Aldundiak 1,7 kilometro duen oinezkoentzako pasealekua egin du Bermeo eta Mundaka artean, BI-2235 errepidearen ondoan. Hainbat dira egunero pasealeku hori erabiltzen duten lagunak.
Bermeo eta Mundaka arteko pasealekua. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, «saihesbideak, egunero, bi mila ibilgailu aterako ditu herrigunetik». Ibilgailu horietako gehienak, gainera, astunak izango direla zehaztu dute.
Orografia “oso konplexua” duen inguru batean kokatuta dago Bermeoko saihesbidea, horregatik, Aranondoko, Utzueneondoko eta Zarraneko maldak gainditzeko, beharrezkoa izan da egitura independienteak jartzea. Lanok, honako azpiegiturekin osatzen dira: Ganetako tunela (710 metro) eta Dibioko (58 metro) eta Almikaondoko (155 metro) tunel faltsuak.
Aldundiak 53 milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Bermeoko saihesbidean. 2012. urteko uztailaren azken astean hasi zituzten lanak. 33 hilabete behar izan dituzte lanok amaitzeko, eta teknika aldetik bi izan une garrantzitsuenak, Foru Aldundiaren arabera: Ganetako tunelaren alde bietako lanak elkartu zituztenean (2014ko maiatzaren 8an) eta Utzuenondoko bide-zubia bere pilote baten gainean biratu zuteneko maniobra (2015eko urtarrilaren 27an). Maniobra hori egiteko beharrezkoa izan zuten edukiera handiko garabi bat erabiltzea. Garabi horren bitartez, egitura behin behineko euskarrietatik behin betiko ainguratze puntura mugitu ahal izan zuten.