Bermeoko zaharren udal egoitzak programa berria landuko du hileon
Sancti Spiritus zaharren udal egoitzako zenbait egoiliarrek programa berri batean parte hartuko dute hileon, Guggenheim Bilbao Museoko boluntarioen programan, hain zuzen ere. Programa horren bidez hitzaldiak, tailer praktikoak eta irteera bat eskainiko zaie egoiliarrei.
Programa horren baitako lehenengo hitzaldia eguenean izango da. Horretan Salomon R. Guggenheim Fundazioaren sorrera eta bilduma landuko dute. Bigarren hitzaldia, berriz, maiatzaren 14rako antolatu dute. Guggenheim Bilbao Museoa: arkitektura eta bilduma gaia landuko dute bigarrenean.
Bestalde, maiatzaren 21ean, aldi baterako erakusketak eta tailer praktikoa eskainiko dizkiete. Hitzaldiak zein tailerrak 10:30eatik aurrera izango dira zaharren udal egoitzan bertan, eta gutxi gorabehera hamabost egoiliarrek hartuko dute parte.
Programari amaiera emateko, berriz, parte hartzaileek irteera bat egingo dute Guggenheim museora. Museora egingo duten bisita gidatua maiatzean izango da nahiz eta eguna oraindik ez duten zehaztu. Zaharren udal egoitzako arduradunen arabera, «egoiliarrek museoa ezagutzeko eta egun polita pasatzeko aukera ezin hobea izango dute».