Herria hobeto kudeatzen lagunduko duen 'Abisuek' aplikazioa sortu du udalak
Herrian sortzen diren arazoei «ahalik eta arinen konponbide bat ematea» du helburu aplikazioak. Telefono mugikorretatik edota udalaren webgunetik eman ahal izango dira abisuakBermeoko Udalak Abisuek aplikazioa martxan jarri du. Haren bitartez, herrit...
Herrian sortzen diren arazoei «ahalik eta arinen konponbide bat ematea» du helburu aplikazioak. Telefono mugikorretatik edota udalaren webgunetik eman ahal izango dira abisuak
Bermeoko Udalak Abisuek aplikazioa martxan jarri du. Haren bitartez, herritarrek herriko gauza ezberdinei buruzko abisuak eman ahalko dituzte bai telefono mugikor zein udalaren webgunearen (www.bermeo.eus) bitartez. Atzo goizean aurkeztu zuten aplikazioa, eta Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu legez, horren helburua «herritar guztiek herria hobetzen laguntzea eta denen artean herrian sortzen diren arazoei aha- lik eta arinen konponbide bat ematea» da.Aplikazio horregaz udala «eraginkorragoa, hurbilagoa eta gardenagoa» izatea lortu gura dela dio alkateak, era berean, herritarren inplikazioa eta parte hartzea ere bilatzen dutela nabarmenduta. «Teknologia berrien erabileragaz administrazio berritzaileago baten aldeko apustua egiten da», esan du.
Abisuaren jarraipena
Herritarrek aplikazioaren bitartez ematen dituzten abisuak zerbitzu sailak kudeatuko ditu. Mota guztietako abisuak eman daitezkeela azaldu du Juan Karlos Agirre zerbitzuetako zinegotziak: mantenua, kalteak, zuloak, garbitasunaren ingurukoak, seinaleak apurtuta, argiteria… Abisua jasota, «ahalik eta azkarren» konpontzen saiatuko direla aipatu du.
Abisua ematen duen herritarrak, gainera, abisu horren jarraipena izateko aukera dauka. Lehenik eta behin, abisua jaso dela adierazteko mezu elektroniko bat jasoko du. Beste alde batetik, abisuari irtenbidea eman ondoren ere, beste mezu bat bidaliko die herritarrei. Udalaren eskumeneko abisuak ez direnean, berriz, zubi lana egin, eta abisua dagokion erakundera bideratuko dutela azaldu dute.
Telefono mugikorretan aplikazioa jaisteko aukera dago jada, eta abisuaren berri erregistratuta edota erregistratu barik eman daiteke. Hala ere, erregistratu barik egiten dutenek ezin izango dute abisuaren jarraipenik egin. Erregistroa egiteko datuak, helbide elektronikoa eta pasahitza sartu beharko dituzte herritarrek. Hori eginda, prest izango da erabilerarako.
Prozedurak «arintzeko»
Aplikazioak gidatuko du herritarra abisua ematerakoan, hainbat aukera ematen baititu. Kokapena eta deskribapen txiki bat ere eskatzen ditu, bai eta argazki bat ere. «Erraza» dela azaldu du zerbitzuetako zinegotziak. Udalaren webgunean, berriz, lotura bat jarri dute, eta eman beharreko pausoak berdinak dira.
Aplikazio berriak prozedurak «arintzeko» balioko du batetik, eta datu base bat sortzeko aukera eskaini, bestetik.
Herriaren egoera hobetzen lagundu ahal duela eta, Bermeoko alkateak aplikazio hau erabiltzera animatzen ditu herritarrak, «edozein momentutan erabil daitekeelako, gainera».