Euskara ere sendagaia delako
Osasun zerbitzuen erabiltzaile eta profesional euskaldunak harremanetan jarri nahi ditu Berdin elkarte berriak. Hainbat eragilek bultzatuta sortu da taldea.Osasun arreta euskaraz bultzatzeko asmoagaz, osasun arloko hainbat beharginek eta erabiltzaileek...
Osasun zerbitzuen erabiltzaile eta profesional euskaldunak harremanetan jarri nahi ditu Berdin elkarte berriak. Hainbat eragilek bultzatuta sortu da taldea.
Osasun arreta euskaraz bultzatzeko asmoagaz, osasun arloko hainbat beharginek eta erabiltzaileek Berdin izeneko elkartea sortu dute. Denek ere, herritarren «osasunaren eta duintasunaren» aldeko ekarpena egin nahi dute.Hainbat eragileren babespean, Durangon aurkeztu zituzten martitzenean euren xede eta helburuak, jendaurrean. Bertan egon ziren, besteak beste, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta AEK.
Egitasmo berriak, gainera, atxikimendu ugari bildu ditu jendarteko hainbat alorretan. Horien artean dira, esate baterako, Nahia Aia Goikoetxea ginekologoa, Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria, Karmele Jaio Eiguren idazlea, Aitor Montes Lasarte familia medikua, Alaitz Atxurra Aranzabal osasun arloko administraria, Pako Aristi idazlea, Miren Amuriza bertsolaria edota Naia Alzola Amezua txirrindularia.
Arreta guztia, euskaraz
Sarritan esan ohi da euskara osasungintzan gaixorik dagoela. Norbere herriko osasun etxera joan eta sendagileak euskaraz ez dakiela ikusteak samindu egiten ditu herritar asko; euren ama hizkuntza ez den beste batean hitz egitera behartzen ditu. Berdin elkartearen iritzian, horrelako egoeretan norbere eskubideen bi «urradura sakon» gertatzen dira. «Alde batetik, euskaldunok bigarren mailako herritar gisa hartuak gara, eta beste alde batetik, gure gogoko hizkuntzan ezin dugunez jardun, osasun arreta kaskarragoa jasotzen dugu».
Elkar ezin ulertuak, paziente eta medikuaren arteko harremana zailtzen du, eta azken finean, horiek errazteko eta bideratzeko sortu da taldea. Era berean, aholkularitza eskainiko diote euskaraz artatua izan nahi duenari. Osasun arloan euskarazko arreta jasotzeko eskubideak euskaldun guztiek «berez eta legez» izan beharko luketeela diote elkartekideek.
Euren helburua Euskal Herriko osasun sisteman arreta euskaraz eskaintzea da, eta hori sustatu nahi dute proiektu berri honegaz. «Gure asmoa, herritarrak osasun arloan euskara erabiltzera eta euskarazko arreta eskatzera animatzea da».
Hori guztia praktikara eramateko, bada, elkarte «zabala» sortu dute, «berdinzale guztiei irekita» egongo dena.
Haren bidez, osasun zerbitzuen erabiltzaile eta profesional euskaldunak harremanetan jarri nahi dituzte, eta horiei guztiei, euskararen erabilpenean urratsak ematera animatu, babesa eman eta aholkularitza eta informazioa eskainiko zaie.
«Edonon eta edonoiz»
Hori guztia, halabaina, ez dute erakunde itxurako ezerrekin eratuko. Horretarako, gaur egungo teknologia berriak eta gizarte sare elkarte dinamikoak erabiliko dituzte.
Euskarazko arreta «edonon eta edonoiz» bermatu beharra dagoela diote, maila denetan: kontsultategian zein ospitalean. «Osasun arreta eta hizkuntza banaezinak dira, gure ustez. Kalitatezko osasun arreta, pazientearen lehentasunezko hizkuntzan eskaintzen dena da. Hizkuntza guztietan ezinezkoa da, tamalez, baina, hizkuntza ofizialetan ezinbestean bermatu behar da euskal herritarron oinarrizko eskubide hori».
Elkartearen arabera, Euskal Herrian frantsesa eta gaztelaniaguztiz bermatuta daude osasun zerbitzuetan, ez, baina, euskara. Osasun zerbitzua hizkuntza guztietan eskaintzea ezinezkoa bada ere, bertoko hizkuntza ofizialetan jasotzea bermatu beharko litzatekeela diote, ahoz zein idatziz.
Aitor Montes Aramaioko familia medikuaren ustez, medikuntzan «hizkuntza ez da osagarria, betebeharreko gaitasuna baizik. Kalitatezko zerbitzua pazientearen hizkuntzan eskaintzen dena da».
Erabiltzailearen ama hizkuntza errespetatu egin behar dela azpimarratu du elkarteak. «Arreta euskaraz eskaini egin behar da. Erabiltzailea ezin da eskatzera behartu, administrazioak ziurtatu beharko luke hori». Hori guztia lortzeko, giza baliabideak eta baliabide teknikoak behar horietako egokitzearen beharra ikusi dute.
Berri «pozgarria»
Maren Belastegi Uemako lehendakariarentzat horrelako taldea sortzea «berri pozgarria» da. «Taldean bertan Osakidetzako langileak daude, eta eurek dakite non dauden arazoak. Horrek guztiak elkarlanerako bideak zabaldu ditu. Osasungintza euskalduntzea garrantzitsua da, eta euskal herritar guztiek eskubide hori eduki beharko lukete».
Uemako lehendakaria bat dator Berdin taldearen helburuekin eta proposamenekin. Izan ere, Udalerri Euskaldunen Mankomuniteateak beti proposatu du osasugintzan ere arnasguneak sortzea. «Uemaren helburu nagusia herritarren bizitza sozial zein pribatu osoa euskaraz izatea da, eta osasungintza euskalduntzeak helburu horren gauzapenean berebiziko garrantzia hartzen du».
Normalizaziora bidean, ordea, osasungintzan jasotako datuak oso kezkagarriak izan ziren orain bi urteko kanpainan. Nafarroan Uemako kide ziren udalerrietako bakar batean ere zen oinarrizko osasun zerbitzua osotasunean euskaraz ematen, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datuak hobeak baziren ere, ez ziren askoz lasaigarriagoak.
Kasurik larrienak pediatria alorrari lotutakoak izan ziren. Herri askotan oraindik ere haurrak gazteleraz egitera behartuta daude medikuarena joan behar duten bakoitzean, eta gurasoen arabera, egoera horren aurrean umeak ez dira eroso sentitzen, «beldurtuta baino».