Duna artean sartuta, azken etapa gogorra egingo dute gaur, Titanen
Titan Desert mundu mailako mendi bizikleta probak aurrera jarraitzen du. Parte hartzaileak basamortuetako duna artean dabiltza, nabigatzailearen laguntzagaz aurrera egiten. Atzoko etapa «nahikoa ondo» egin zutela azaldu dute Basamortura eskuzabal pro...
GPSa halabeharrez erabiltzen hasi ziren parte hartzaileak atzokoan. «Lago Salado pasa ostean, dena hondarra zen eta ezinbestean GPSagaz gidatu behar izan ginen». Paisaia hain zen zaila ze, beste parte hartzaile batzuk azken kontrol puntua ez zutela aurkitu. «Horiei zigorra ezarri zien antolakuntzak».
Zehatz esateko, kontrol puntu bat ez pasatzeak lasterketa denborari bost ordu gehitzea suposatzen du. «Guk guztiak pasatu genituen», dio Ander Txakartegik.
Aurre-aurrean ez badoaz ere, euren mailan ondo doazela diote. «Aurreko gauean hitz egiten dugu eta seiok hurrengo eguneko pautak adosten ditugu». Elkar zaintzen dute eta guztiak ondo daudela diote. «Fisikoki zein psikologikoki ondo gaude». Iñigo Bustindui ondarrutarrak eroriko «xelebrea» eduki zuela ere kontatu dute. «Ez zen ezer izan, ondo dago».
Orokorrean, lasterketa psikologikoki gogorra dela dio Txakartegik. «Hona ondo prestatuta etorri behar zara, izan ere, paisaia denbora guztian monotonoa da».
Gaurkoa, «zaila»
Atzokoa gaindituta, gaur, duna artean jarraituko dute. «Euskal Herrian geundenean gaurko etapak ematen zigun bildurra. Dena GPSarekin egin behar dugu eta gogorra izango dela uste dugu». Hondar artean ibiliko direnez, parte hartzaile guztiek 2,8 kilometro oinez egin beharko dituzte. «Tarte horretan ezingo da bizikleta gainean joan».
Haizea kontran dute, bero handia egiten du eta orientatzeko GPSagaz baliatu behar dira. Euren esanetan, horiek izango dira gaurko etapa zailduko duten faktoreak.