Antxoa handiagoa harrapatu nahian jarraitzen dute baxurako arrantzaleek
Arrain txikia da nagusi egunotan Ondarroako portuan, kiloan 45 eta 65 ale bitartekoa. Kanpainak «martxa onean» jarraitzen du. Astebetean 500 tonatik gora saldu dituzteBizkaiko Golko osoan tamaina handiagoko antxoaren bila jarraitzen dute arrantzaleek...
Arrain txikia da nagusi egunotan Ondarroako portuan, kiloan 45 eta 65 ale bitartekoa. Kanpainak «martxa onean» jarraitzen du. Astebetean 500 tonatik gora saldu dituzte
Bizkaiko Golko osoan tamaina handiagoko antxoaren bila jarraitzen dute arrantzaleek, baina ezin harrapatuta dabiltza.Ahaleginak egin arren, gutxi batzuek lortzen dute merkatuan ondo ordainduta dagoen tamainako antxoa harrapatzea. Besteek, aldiz, txikiagoa harrapatzeagaz konformatu beharko dute. Izan ere, hainbeste orduko lanak egin eta gero, sareak apurtu eta esku hutsik porturatzen denik ere bada egunotan.
Aurreko asteagaz alderatuta, asteon antxoa gehixeago lehorreratu dute baxurako arrantzaleek. Kopurua handia izan baldin bada ere, oro har, Ondarroako bentan saldu dena tamaina txikikoa izan da, marinelek nahi baino txikiagoa. Bataz beste, kiloko 45 eta 65 ale artean dituen arraina ari dira harrapatzen.
Arrantzaleek eurek horrela adostuta, arrain txikirik ez harrapatzeko erabakia hartu zuten aurreko astean, eta egunotan ere proposamen beragaz jarraitzea erabaki dute. Kiloko 65 ale dituen antxoa baino txikiagoa ez arrantzatzea erabaki dute, behinik behin, aste honetan. «Arrantzaleen nahia neurria kiloko 55 aletan ezartzea baldin bada ere, momentuz ez da horrela izango. Ez, behintzat, arrain gaztea harrapatzen ari direnean. Arrain handi nahian jarraitzen dute, baina ezinean dabiltza», adierazi du Eusebio Arantzamendi kofradiako presidenteak.
500 tonatik gora
Bentan saldu den kopuruari dagokionez, kanpainak «martxa onean» jarraitzen du. Kalare Deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, apirilaren 23tik 29ra, 547.000 kilo antxoa porturatu zituzten marinelek; bataz beste, 1,93 eurotan saldu zen.
Arrantzaleek adierazi dutenez, gainera, asteon nahikoa hurrerago dago arraina. Martitzenean Bilbo gainean harrapatu zuten antxoa, eta orain, ordea, iparralderago ari dira arrantzatzen arraina, Donostia eta Pasaia artean.
Horrez gainera, itsasoratzeko nahikoa eguraldi ona egin du. Astelehenean, ipar-mendebaldeko haizeagaz eguraldi txarra egin zuen, baina, orduz geroztik, ez da arazorik egon.