Eskualde mailako mobilizazioak egingo ditu LABek
Maiatzaren Lehena Busturialdean, Lea-Artibain eta Debabarrenean ere izango dute gogoan. LAB sindikatuak deituta, eskualde mailako manifestazioak egingo dituzte. Langileok borrokan. Euskal Herria aldaketa bidean leloa hautatu dute biharko. Busturialdean...
Busturialdean, Bermeon egingo dute eskualde mailako manifestazioa. 12:30ean aterako dira, Goiko Plazatik. Ordubete lehenago, baina, 11:30ean, auto karabana aterako da Gernika-Lumoko Maxi Eroskitik.
Lea-Artibaiko langileak, berriz, Lekeition batu gura ditu LAB sindikatuak. Eskolapetik 12:30ean aterako da han manifestazioa, eta, Busturialdean legez, hara heltzeko auto karabanak aterako dira Lea-Artibaiko hainbat herritatik. Munitibartik, esaterako, 11:30ean aterako dira autoak. Ondarroatik eta Markina-Xemeindik, aldiz, 11:00etan.
Mutrikuarrei, bestalde, Eibarrera joateko deia egin die sindikatuak. 12:00etan aterako da manifestazioa, eta 13:00etan egingo dute ekitaldi politikoa. Ostean, 15:00etan, herri bazkaria egingo dute Untzagan.
Ondarroan ere egingo dute herri bazkaria, 14:30ean, Gaztetxean. Eta bazkalosterako, kantaldia antolatu dute ondarrutarrek; 17:00etan hasiko da.
Gauean, kontzertuak izango dira, Gaztetxean bertan. 22:30ean hasita, El baston de la vieja eta Pornox taldeek joko dute.
ELA sindikatuak, berriz, Bilbora joateko deia egin die langileei. 11:45ean hasiko da mitina, Bilboko Jesusen Bihotzaren plazan, eta ELAko idazkari nagusi Txiki Muñozek hitz egingo du. Ostean, manifestazioan joango dita Kale Nagusitik behera, Plaza Biribileraino. Areatzan bazkalduko dute.