Eguaztena dute Bermeoko gazteek lokalak erregistratzeko azken eguna
Urriaren 28an argitaratu zen LokaLeku parte hartze prozesuaren baitan adostutako Bermeoko gazteen lokalen elkarbizitzarako gida Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Hortik hasita, sei hilabeteko epea zuten gazteek gida horrek jasotzen dituen betebeharrak betetzeko. Epe hori amaitzera doa, izan ere, eguaztena dute lokalak erregistratzeko azken eguna.
Bermeoko Gazte Informazio Zerbitzutik (GIZ) jakinarazi dutenez dagoeneko 11 lokal erregistratu dira Berh@azen, beste hiruk dokumentazioa baino ez dute falta, eta bost, pausoak ematen ari dira. Guztira, Bermeon, gazteen 37 lokal inguru daude.
Gidan aipatzen den moduan, gazteen lokalak erregistratu egin behar dira Berh@az bulegoan eta gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzte: argia, ura, komuna, su-itzalgailuak, eta larrialdietarako argiak izan beharko dituzte, besteren artean. Aforoa ere, errespetatu beharko dute gazteek. Gidak, bestalde, zaraten inguruko baldintza batzuk zehazten ditu eta ordutegia errespetzea ere eskatzen du.
Iazko uztailean kaleratu zuen Bermeoko Udalak gida hori, lokalen jabeekin, auzokideekin eta gazteekin adostasunetara iritsi ondoren. Bermeoko gazteen lokalen elkarbizitzarako gidaren helburua, lokalen erabiltzaileen eta auzokideen arteko elkarbizitza hobetzea eta segurtasun arazoak ekiditzea da.