'Guk abizena, zuk?' kanpaina martxan jarri du aurten ere udalak
Beste urte batez, Guk abizena, zuk? sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Bermeoko Udaleko Euskara Sailak. 2010ean hasi ziren kanpainagaz, eta urtez urte, abizenak euskal grafiagaz idaztera animatzen diren herritarren kopurua goraka doa, Maite Alva...
Udaleko Euskara zinegotzi Josu Unanueren arabera, «era oso errazean» jarri dezakete herritarrek euskal abizena modu ofizialean euskaraz idatzita, hiru pauso besterik ez direla aipatu du. Interesa duenak, lehenik eta behin, erregistro zibilean edo bake epaitegian abizena euskal grafiaz ipini gura duela esan beharko du, eta han emango dioten eskaera bete beharko du. Horregaz batera eraman beharko ditu nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria, errolda agiria (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), familia liburuaren fotokopia (seme-alabak izatekotan) eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia (16 urtetik gorakoak badira).
Izen emateak, euskaraz
Herritarrak abizenak euskal grafiarekin idaztera animatzeaz gain, epaitegietan egiten diren izen emate guztiak euskaraz egitera ere animatzen dituzte. Euskara teknikariaren arabera, «euskaldun jaio, euskaldun ezkondu eta euskaldun hiltzeko aukera badagoelako».