Bizkaiko Taldekako Eskolarteko finalera sailkatu dira Xixilikoak
Bizkaiko Taldekako Eskolarteko txapelketaren hirugarren fasea lehiatu zuten zapatuan, Bermeoko Arane kiroldegian. Biharamunean, berriz, Bilboko La Salle ikastetxean egin zuten benjamin eta kadete mailetakoa.Bizkaiko 21 ikastetxe eta klubetako 400 bat i...
Bizkaiko 21 ikastetxe eta klubetako 400 bat ikasle elkartu ziren Bermeon. Egun osoko lan saioa eduki zuten. Goizean, 10:30ean hasi eta 13:30ak aldera amaitu zuten. Bazkalorduko atsedenalditxoaren ondoren, 16:00etan ekin zioten txapelketari, eta 19:00ak inguruan bukatu zuten jardunaldia.
Etxekoak jaun eta jabe izan ziren. Umeetan Xixiliko talde bakarra zegoen, eta eurek lortu zuten garaipena. Era berean, kimuetan etxeko bi taldeak lehenengo eta hirugarren postuak eskuratu zituzten.
Beste alde batetik, domekako ekitaldian bermeotarrak lehenengo eta bigarren egin zuten benjaminetan. Kadeteen mailan, ostera, ez zen egon Xixiliko ordezkaririk.
Finala datorren hilean
Asteburuan lehiatu duten hirugarren fasea finalaurrekoen parekoa da. Beraz, lortutako emaitza onei esker, Xixiliko ikasleak finalera sailkatzea lortu dute.
Xixiliko kideen berbetan, emaitza «oso ederrak» izan dira, eta «oso pozik» daude, talde denak finala jokatzeko aukera izango dutelako.
Hain zuzen ere, maiatzaren 23an izango da finala, Bermeoko Arane kiroldegian.
Hala eta guztiz ere, taldekako final horren aurretik, asteburu horretan bakarkako lehian hartuko dute parte Bizkaiko ikastetxeek.
Zapatuan Gernika Lumoko Santanape kiroldegian lehiatuko dute bakarkako hirugarren fasea. Modalitate eta kategoria desberdinetan neurtuko dira nor baino nor gehiago.
Xixiliko kideez gain, besteak beste, honako talde hauek egongo dira: Santutxu, Zipiriñe, Ekilore, Dana, Harrigarri, Intxixu ikastola, Uztai taldea, Distirak eta Miragarri.