Zapatuan taldekako 3.fasea lehiatuko dute haur eta kimuek. Bizkaiko hainbat ikastetxe eta klubetako 400 bat ume batuko dira Bermeon. Hain zuzen ere, kimuen kategorian 21 ikastetxek hartuko dute parte, eta umeetan, berriz, hamabostek. Horietatik, kimuetan bi talde izango dira Xixilikoak, eta umeetan talde bakarra egongo da.
Arane kiroldegian 10:30etan hasiko da lehen saioa. 13:30ak arte arituko dira, eta bazkalostean, 16:00etan ekingo diete berriz lehiari. Hala, 19:00ak aldera amaitzea aurreikusten dute.
Zapatuko irabazleak Bizkaiko eskolarteko txapelketako finalerako sailkatuko dira. Hain zuzen ere, finala Bermeon jokatuko dute maiatzaren 23an.