'Cabaret Chihuahua', Antzerki Musikaletako Sariketarako hautagai
Arte eszenikoen munduko profesionalek eman ahal dute bozka. Musikala Madrilen dagoenetik, aktore espainiar asko joan dira euskal aktoreen lana ikusteraCabaret Chihuahua marka guztiak hausten ari da. Bilbon edukitako arrakastaren ostean, orain, Madrilgo...
Arte eszenikoen munduko profesionalek eman ahal dute bozka. Musikala Madrilen dagoenetik, aktore espainiar asko joan dira euskal aktoreen lana ikustera
Cabaret Chihuahua marka guztiak hausten ari da. Bilbon edukitako arrakastaren ostean, orain, Madrilgo (Espainia) Alcala antzokian beste horrenbeste lortzen ari da. Eta proiektuan parte hartzen dutenen harridurarako, batean eta bestean kritika onak irakurri eta gero, orain, Antzerki Musikaletako Sariketarako hautagai da musikala.Aurten zortzigarrenez egingo da sariketa hori, eta antzerki munduko profesionalek bozka emateko aukera daukate. Horretarako, baina, arte eszenikoen munduan lan egin duten edo egiten dutenek aurretiaz webgunean erregistratu behar dute.
Beste alde batetik, El Mundo egunkariko Javier Villan kritikoak hiru izar eman zizkion joan den astean Cabaret Chihuahuari. Eta aktoreak pozarren agertu ziren adituak egindako balorazioagaz.
Fenomenoa
Kritika, izendapen eta beste guztien gainetik, dudarik barik, Cabaret Chihuahua arrakasta edukitzen ari da Madrilen; fenomeno bat bihurtu da, bai Euskal Herrian bai eta Madrilen ere. Eta horren adibide da saio batetik bestera duen ikuslegoa. Aktore ezagunak ere egon dira euskal aktoreen lana ikusten, hala nola, Javier Camara argazkian.
Ugaitz Alegria eta Iñaki Maruri aktore ondarrutarrek eta Mitxel Santamaria gernikarrak parte hartzen dute antzezlanean. Dena dela, momentu honetan, Maruri eta Santamaria ez daude antzerki musikalean parte hartzen. Izan ere, aurretik hitzartuta zeukaten beste proiektu batean murgilduta daude: La viuda alegre. Hain justu, antzezlan hori maiatzaren 13tik 24ra bitartean ikusi ahalko da Bilboko Arriaga antzokian; sarrerak salgai daude, online. Momentuz, Maruri eta Santamaria entseguetan buru-belarri ari dira.
Alegria ere batera eta bestera dabil. Hiru txerritxoak eta Arratoitxo pinpirina umeentzako antzezlanean parte hartzeaz gain, estreinatu berri den Txarriboda filmean ere parte hartu du. Txarriboda hainbat zinema aretotan dago ikusgai joan den barikuaz geroztik.
Ikuslegoaren babesa
Horrela ba, Cabaret Chihuahuako aktoreak ospea lortzen ari dira, bai Madrilen bai eta Euskal Herrian ere. Orain, Antzerki Musikaletako Sariketarako hautagaitzak zer edo zer ematen duen ikusi beharko da. Dena dela, sari preziatu hori jaso ala ez, saririk handiena eskuetan daukate: ikuslegoaren babesa eta txaloak.