Kultura eta Bakearen jardunaldiak gizarteratzeko apustua egin dute
Ikaskuntzarako eta elkarrizketarako esparruak ireki nahi ditu Gernika Gogoratuz-ek. Mahai ingurua egingo dute hilaren 21ean, Kolonbiako eta bertoko kasuak aztertzekoZenbaki borobila dakartzate aurten Kultura eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldiek. 25. a...
Ikaskuntzarako eta elkarrizketarako esparruak ireki nahi ditu Gernika Gogoratuz-ek. Mahai ingurua egingo dute hilaren 21ean, Kolonbiako eta bertoko kasuak aztertzeko
Zenbaki borobila dakartzate aurten Kultura eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldiek. 25. aldia izango da, eta edukiak gizarteratzeko apustu sendoa egin du Gernika Gogoratuz-ek. «Jardunaldiak irekiak izango dira. Gaiak modu espezializatu batean aztertu arren, parte hartzea zabala izatea gura dugu. Jardualdiak gizarteratu nahi ditugu, eta horretarako, mahai ingurua egingo dugu hilaren 21ean, iluntzean», azaldu du Gernika Gogoratuz-eko kide Maria Oiangurenek.Kolonbiako eta Euskal Herriko bake prozesuak aztertuko dituzte. Horretarako, bi herrialdeetan lan egin duten bi aditu ekarriko dituzte Gernika-Lumora: Fernando Cruz eta Joxean Rekondo. Biek ere ondo ezagutzen dute landu beharreko materia, eta elkarregaz aztertuko dituzte esperientziak.
Memoriaren ibilbideak du izenburu mahai inguruak, eta Elai-Alai aretoan izango da, 20:00etan.
25 urte
Apirilaren 23an eta 24an helduko diote programa akademikoari. Askatasuna, adierazpena eta esfera publikoa bakearen kulturarako. Hori dute goiburu aurtengo jardunaldiek, eta aurten 25 urte beteko dituzte. «Urte asko daramatzagu jardunaldi hauek antolatzen; 25 urte betetzea guretzat garrantzitsua da, eta orain arteko balorazioa ona da», esan du Oiangurenek.
Azken urteetan, gainera, formatua aldatu du Gernika Gogoratuz-ek. «Aurten ere tailerrak planteatu ditugu, ikasleen parte hartzea bultzatzeko». Hausnarketa egitera eraman gura dituzte ikasleak, kontzeptuak ulertzera, barneratzera eta proiektatzera. «Metodologia ezberdinen bitartez, parte hartze zuzena bilatu gura dugu, dinamika sozialetik bakegintzan lan egiteko».
Metodologiak
Process Work metodologia da aurten jarraituko dutena. Gilliam Emslie eskoziarrak emango ditu tailerrak. Process Work edo prozesuen psikologian nazioarteko aholkularia da Emslie, eta gatazken eta taldeko esku-hartzeen eraldatzeko prozesuak bideratzen aditua da. Tailer horretan Iñigo Retolazaren eta Alex Carrasosaren laguntza edukiko du.
Hilaren 23ko eta 24ako jardunaldietan parte hartu gura duenak www.gernikagogoratuz.org helbidean dauka horretarako aukera. Egitaraua ere han kontsultatu daiteke.