Edukiontzi sistema ezartzeko aurrekontua adostu du udalak
344.748 euroko aurrekontua adostu dute Mutrikuko Udalak eta Debabarreneko Mankomunitateak. Gune gehienetan bost frakzioak jasotzeko modua egongo daMutrikun laster ezarriko den hondakin sistema berria martxan jartzeko 344.748 euroko aurrekontua adostu d...
344.748 euroko aurrekontua adostu dute Mutrikuko Udalak eta Debabarreneko Mankomunitateak. Gune gehienetan bost frakzioak jasotzeko modua egongo da
Mutrikun laster ezarriko den hondakin sistema berria martxan jartzeko 344.748 euroko aurrekontua adostu dute Mutrikuko Udalak eta Debabarreneko Mankomunitateak.Udalak aurreratu duenez, edukiontzien sistema berria martxan jartzeko hainbat azpiegitura beharko dira. Besteak beste, bilketa egiteko bi ibilgailu berri (Deba eta Mutrikuko bilketa egiteko erabiliko direnak), Mutrikuko transferentzia zentrorako baskula, herrigunerako edukiontziak, itxiera sistema magnetikoak, hondakin organikoak jasotzeko ontziak, poltsa konpostagarriak eta kontrolerako sistemak.
Mankomunitateak adierazi duenez, gainera, sistemak eragindako gastuek zein inbertsioek herritarrarengan ez dute eragin ekonomikorik edukiko.
37 gune
Udalak argitu duenez, aldaketa gutxi batzuk kenduta, gaur egungo guneetan bertan ipiniko dira edukiontziak. Guztira, 37 gune jarriko lirateke: 9 landa gunean eta beste 28 herrigunean.
Gune gehienetan bost frakzioak jasotzeko modua egongo da, baina zenbaitetan, espazio faltagatik, lau bakarrik jaso ahal izango dira. «Herritarrentzako berritasun bakarra organikoa bereiztea izango da. Herritarrek ontzi bana jasoko dute doan, baita organikoak jasotzeko poltsa konpostagarriak ere. Merkatariek eta ostalariek tratamendu berezia izango dute, eta tresna bereziak jasotzeko leku komunak jarriko dira», azaldu du Joxean Agirregomezkorta udal gobernazioburuak.
Sistema ezarri aurretik herritarrei zuzendutako informazio kanpaina zabala egingo dute Mankomunitateak eta udalak. «Sistemaren Ezarpen Planak beharrezkoak ditu zehaztasunak, eta herritarrek guztiaren berri izan behar dute. Horretarako behar diren beste herri zein auzo bilera egingo dira uda ondoren».
Mankomunitateak emandako datuen arabera, birziklatzen ez diren 1.457 tona hondakin jasotzen dira urtero Mutrikun. «Sistema berriarekin, birziklagarriak ziren materialen birziklapen-tasa igotzen hasiko dira mutrikuarrak. Horrez gain, hondakin organikoak bereizten hasiko da. Helburua birziklapen tasa %26,49tik %60era igotzea da».