Bermeoko Arane kiroldegian lehiatu zuten atzo Gimnasia erritmikoko Bizkaiko txapelketa. Bertoko taldekideekin batera, Leioako Sakoneta taldeko eta Bilboko Santutxu, Dana eta Ekilore taldeetako ikasleak elkartu ziren Bermeon.
Kiroldegiko armailak beteta, gimnasia erritmikoko erakustaldia eman zuten umetxo zein nagusiagoek modalitate guztietan.
Bertoko ordezkariei dagokienez, Idoia Hormaetxeak bigarren egin zuen senior mailan. Hiru lantresnarekin aritu zen; zintarekin lehenengo geratu zen eta mazarekin eta pelotarekin, berriz, bigarren. Bestalde, mazoetan, Amaia Landaburuk irabazi zuen, eta bigarren Maitane Begoñak egin zuen. Izaskun Hormaetxeak ere lan ona eginda, bosgarren amaitzea lortu zuen.
Umeetan, sokan, Garazi Aslak bigarren egin zuen, eta haren atzetik sailkatu zen Zaira Gonzalez. Halaber, Haizea Abaunzak seigarren eta Ainhoa Maguregik zazpigarren egin zuten.
Bestalde, kadeteetan, zintekin Naia Mendizabalek laugarren egin zuen.