Kike Arzubiaga eskultorea parte hartzaileei azalpenak ematen
Naturarekin, gastronomiarekin, artearekin, eta orokorrean, kulturarekin sentsibilizatuta dauden 25 lagun izan ziren zapatuan nekazaritza, artea eta gastronomia uztartzea helburu duen Larrazabaleko antzinako eskolan. 11:00etan hasi eta 17:00ak bitartean, gune horretan egiten den lehenengo esperientziaz gozatu zuten.
Larragoko negutegietan hasi zuten eguna. Bertan, landaketak ikusi, azalpenak entzun, dastatu eta ortuariak batu zituzten ondorengo pintxo ekologikoen tailerra egiteko. Ortutik ahora Busturiko Goiherriko nekazari eta sukaldari taldearen eskutik egin zuten, hain zuzen ere, pintxo tailerra Larrazabalen. Bertaratutako guztien parte hartzearekin, lau pintxo egin zituzten. Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriaren esanetan, “lehenengoko gizakiak jaten zutenetik, Ameriketako Estatu Batuetatik (AEB) produktuak etorri arte Busturialdean izan den elikatze ereduaren historiari jarraituta egin dira pintxoak”.
Arteari zuzendutako tartea ere izan zuten Larrazabalen antolatu den lehenengo esperientzia horretan. Feodor Paulykov margolariak eta Kike Arzubiagak gidatu zuten tarte hori. Horien laguntzarekin, Goiherriko paisaia aztertu zuten, eta ostean, interpretaziorako aukera izan zuten marrazketa esperientzien bitartez.
Larrazabaleko eskola udal eraikuntza izanik, Busturiko jarduera soziokulturalean txertatu gura du udalak, disziplina anitzeko espazio modura. Horren bitartez, Busturiko balio naturalak, paisajistikoak, etnografikoak, arkitektonikoak eta naturalak eman gura dituzte ezagutzera. Hala, gune horretan erakusketak, formatu txikiko kontzertuak eta tailerrak egiteko asmoa agertu du udalak, eta lehena zapatuan egin zuten.