Hogei mokadutik gora, Arrain Azokako XIII. Pintxo lehiaketan
Beste behin ere, Arrain Azokaren baitan, pintxo lehiaketa antolatu du Bermeoko Eleizalde ikastolak. Aurtengoa lehiaketa horren hamahirugarren urtea izango da, eta herriko 20 taberna baino gehiago egongo dira parte hartzen.Ohikoa den moduan, arrainagaz ...
Ohikoa den moduan, arrainagaz egindako pintxoak izan beharko dira lehiaketara aurkeztutakoak. Aipatutako lehiaketan parte hartzen duten pintxoak Aste Santutik aurrera dastagai egongo dira. Hain zuzen ere, maiatzaren 3ra arte dauden asteburu eta jai egun guztietan dastatu ahal izango dira, 12:00etatik 14:30era bitartean.
Eskuorri batean aukerak
Arrain Azokako pintxo lehiaketan parte hartzen duten taberna guztiekin eskuorri bat prestatuko dute antolatzaileek. Horretan, lehiaketara aurkeztutako pintxoen argazkiak ikusi ahalko dira: bakoitza zelan dagoen eginda azalduko dute, eta zein tabernatan eginda dagoen. Eskuorri hori lehiaketan parte hartzen duten tabernetan eta Bermeoko Turismo Bulegoan aurki daiteke.
Partaide bakoitzak bere tabernan jarriko du pintxo lehiaketaren kartela, eta era berean, lehiaketara aurkeztutako pintxoa zein den adierazita izango du.
Lau sari banatuko dituzte. Sari banaketa ekitaldia Arrain Azokaren asteburuko zapatuan izango da, maiatzaren 16an, 13:00etan, Lamerako kioskoan. Epaimahaikideek emango dituzte hiru sari, eta herritarrek, berriz, sari bat. Izan ere, publikoak liburuxka baten bitartez baloratu ahalko ditu lehiaketara aurkeztutako pintxoak. Ondoren, parte hartzen dutenak zozketa batean sartuko dira.