Hamasei uztarri neurtuko dira Etxebarriko sari handian
Barikuan hasi eta martitzenean amaituko dira Etxebarriko Paskuetako idi probak. Hamasei uztarri neurtuko dira aurten Etxebarriko 62. Sari Handian, baina bat bera ere ez da Lea-Artibaikoa. Hiru idi pare aterako dira Etxebarriko probalekura lehen lau egu...
22:00etan hasiko dira probak barikuan eta zapatuan. Mungiako Bar Goieta eta Ekometen animaliak eta Errenteriko Patxi Illarretarenak izango dira lehenengoak sari handian parte hartzen. Zapatuan, berriz, Bakioko Txomin Renteria eta Luis Uriagerekaren idiak eta Eibarko Aretarenak neurtuko dira.
Arratsaldean izango dira idi demak domekan eta astelehenean. Domekan, 18:00etatik aurrera ariko dira lehian, Oiartzungo Retegiren idi parea, Bergarako Belarretarena eta Orioko Oliderena. Astelehenean, berriz, Bakioko Zuriñe Uriagereka eta Juan Luis Biritxinagaren eta Laukizko Bionerabarriren txanda izango da.
Etxebarriko harria
Martitzenean neurtuko dira, azkenik, azken lau idi bikoteak, eta aurtengo mantaren irabazleak jakin ahalko dira amaieran. Azken egunean, Zaldibiko Gaztelu iturgintzaren animaliak, Orioko Iñaki Oliderenak, Bermeoko Ianire Alegriarenak eta Mungiako Taberna Goietarena aterako dira plazara. 21:00etan hasiko dira probak, eta amaieran banatuko dituzte sariak.
Aurten ere, sari handiak banatuko ditu proben antolatzailea den Etxebarriko Udalak. Horrela, manta, txapel eta garaikurrez gain, irabazleek 1.600 euroko diru saria lortuko dute. Hamabost sari banatuko dituzte guztira, txikiena 450 eurokoa. Gainera, probak El Corte Ingles sarietako baliagarriak izango dira.
Betiko modura, Etxebarriko 1.500 kilo inguruko sarietako harria erabiliko dute probetan, eta lehiaketa Euskal Herriko Kirol Federakundeak kontrolatuta egongo da.