Gozatzeko asmoagaz joango dira asteburuan Kobeaga eta Rodriguez musherrak Euskal Herriko Txapelketara
Zapatuan eta domekan Linzan (Huesca, Aragoi) jokatuko dute Euskal Herriko mushing txapelketa Iskander Kobeaga ereñarrak eta Iskander Rodriguez arratzuarrak. Biak ala biak “gozatzeko asmoz” abiatuko dute lasterketa, eta, bien bitartean, “ahalik eta lasterketa onena egiten” saiatuko dira. Aurtengo denboraldiko azken lasterketa izango dute asteburukoa, eta, horren ostean, atsedena hartzeko garaia iritsiko zaie, hurrengo denboraldia hasi aurretik.
Kobeaga ez da sekula edurretan lehiatu, eta entrenatu ere askorik ez dela egin dio. Horregatik, “esperantza handirik barik” joango da Aragoira. Hala, lasterketa bukatzea eta bai txakurrak eta bai berak pozik geratzea izango du helburu.
Eskien gainean, txakur bakarragaz parte hartuko du Euskal Herriko txapelketan ereñarrak. “Ez dut uste ezer egin ahalko dugunik; edurretan txakurrak eta biok ez baitugu sekula entrenatu, baina ahal duguna egingo dugu”.
Lasterketa horregaz, aurtengo denboraldia agurtuko dute Busturialdeko musher biek. Datorren urtera begira, Kobeagak Eskozian lehiatuko den Europako txapelketa jokatzeko asmoa duela aipatu du, eta, horrez gain, Espainiako txapelketa eta kopan, Euskal Herriko txapelketan eta elurretako Espainiako txapelketan ere parte hartu nahi du. Orain arte lurrean lehiatu izan da, baina, apurka-apurka, elurretan musturra sartzen ere hasi nahi du. Bi urte baino ez daramatza mushing munduan ereñarrak, eta, horregatik, oraindik babesleak aurkitzea zail samar du. Horrek lasterketetara edota entrenatzera joatea baldintzatzen die musherrei.
Rodriguezek ere, “gozatzea” izango du helburu asteburuan, baina, horregaz batera, lehenengo hiru onenen artean sailkatzea nahiko du. Entrenatuta, behintzat, badela aitortu du. Hasiera batean, eskien eta lera gainean parte hartuko duela dio arratzuarrak; hala ere, eskiekin aritzeko denbora duen ala ez ikusi beharko du bertan.
Aurretik ere parte hartutakoa da Rodriguez Euskal Herriko txapelketan; iaz, esaterako, bigarren egitea lortu zuen eskien gainean. Lerarekin, berriz, lehenengo txapelketa izango du jokoan.
Datorren urtean, bestalde, lurreko eta elurretako lasterketetekin jarraitzeko asmoa dauka; hala ere, dioneez, “baliteke egoera ekonomikoak baldintzatuta, datorren urtean lasterketa gutxiagotan parte hartzea”. Urtarrilean, esaterako, Alpeetara joatea aurreikusten du; “urtarrilaren erdialdean lasterketa bi izango dira, eta horietako bat aukeratu behar izango dut bertan lehiatzeko”.
Zapatuan eta domekan, 09:00etan hasiko dituzte lasterketok, behinik-behin. Eta egun batean zein bestean 12 kilometroko ibilbidea egin beharko dute bertan parte hartzen duten musherrek.