Iaz gertatutako sexu eraso batengatik Bermeon egindako agerraldia
Ertzaintzak 41 urte gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Bermeon. Bikotekideari irain eta eraso egitea eta beso bat apurtzea egotzi diote.
Segurtasun Sailetik jakinarazi duten moduan, atzo arratsaldean jarri zuen salaketa emakume batek Ertzaintzaren bulegoetan. Andrearen esanetan, bere bikotekideak eraso egin zion joan den domekan, martxoaren 22an, Bermeon duten etxebizitzan. Emakumearen arabera, domeka arratsaldean izan zen erasoa, «kaletik etxera bueltatu zirenean, beraiekin bizi den lagun batekin».
Etxean daudela, gizonak eztabaida hasi zuen, emakumeak Ertzaintzari azaldutakoaren arabera. Andreak haren portaeragatik galdetu zionean atxilotua haserretu egin zen. Iraindu ostean, lepotik hartu eta bultza eginda lurrera bota zuen andrea. Ondoren, besotik hartu eta tiraldi bat eman ziola salatu du, «min handia eragin baitzion». Hori guztia, gainera, andrearen semearen aurrean gertatu zela kontatu dio emakumeak Ertzaintzari. Bikotearekin bizi den gizona tartean sartu zen.
Erasoaren ostean, andrea ospitalera joan zen eta bertan igaro behar izan ditu hiru egun, ebakuntza egin behar izan baitiote besoan.
Atzo arratsaldean Ertzaintzak salaketaren berri izan ostean, andrearen bikotekidea atxilotu zuten. Genero indarkeria delitu bat egin izana leporatzen diote.