Judith Monasterio Gernika Bizkaiako kapitainari agurra
Atzo jokatu zuen Gernika Bizkaia taldeak Emakumeen Ligako etxeko azken partida. Markagailuan 77-60 jarrita hartu zuten menpean gernikarrek Leongo (Gaztela Leon, Espainia) Bembibre taldeko neskak. Gogor egin zuten Leongo neskek, baina ezin izan zuten gernikarren erritmoa jarraitu.
Ez zen edonolako partida izan atzokoa; izan ere, Maloste kiroldegian jokatzen zuten denboraldiko azken partida izateaz gain, Judith Monasterio taldeko kapitaina agurtzeko eguna ere izan zen; izan ere, asteburu honetakoa azken partida izango du.
Defentsaren lan aparta, joko alaia, eraso azkarrak eta ondo baino hobeto erantzun zuen publikoa hartu zituen atzo Gernika-Lumoko kiroldegiak. “Aurreko guztietan bezala”, Malosten bildutako herritarren babesa eta berotasuna jaso zuen Gernika Bizkaiak atzo, eta hori eskertu beharrean agertu da taldea. Era berean, Peña Sakoneren sustengua ere eskertu du, “topaketa guztietan bere berotasuna, adorea eta esfortzua” eskaintzeagatik.
Hala, taldea “lan ezinhobea” egin duelakoan dago, eta hori, hein handi batean, babesa eta laguntza emandako guztiei esker izan dela aitortu dute.
Denboraldia, hala ere, ez da bukatu; asteburu honetan izango baitute azken norgehiagoka. Hain zuzen, Zaragozako (Espainia) Mann-Filter taldearen aurka neurtu beharko dira bertoko jokalariak zapatuan, Casablanca estadioan, 19:00etatik aurrera. Sailkapeneko 11. postuan dira Leongoak 34 puntugaz; gernikarrak, aldiz, seigarren dira lau puntu gehiagogaz. Zapatuan, beraz, Emakumeen Ligako bosgarren postua eskuratzeko lan egingo dute bertokoek.