Aranburu BUPeko ingeniaria, Arriola BUPeko presidentea, Bermeoko alkate Bideguren, Agirre BUPeko presidenteordea eta zerbitzuetako teknikari Gonzalez, goizean eman duten prentsaurrekoan
Joan den urteko urrian jarri zuten martxan Bermeoko eta Mundakako urak tratatzen dituen Lamiarango araztegia. Ordutik putzu septikoen beharrik ez dagoela jakinarazi du Bermeoko Udaleko zerbitzuetako teknikari Iñigo Gonzalezek. Hala, herriko saneamendu sarera lotuta dauden putzu septiko guztiak dagoeneko zarratu daitezkeela azaldu du, «mantenu kostuak aurrezteko, eta era berean, araztegiaren pozesua eraginkorragoa izateko». Herritarrak jakinaren gainean egon daitezen, bandoak jarriko dituztela diote.
Bitartean, Lamiarango araztegia uraren tratamendu biologikoa egiteko fasean ari da, «fase horretako frogak egiten», hain zuzen ere. Gainera, Busturialdeko Ur Partzuergoko (BUP) ingeniari Batxi Aranburuk azaldutakoaren arabera, «araztegi askotan martxan jartzen ez duten tratamendu gehigarri bat egingo du Lamiarango araztegiak; izpi ultramoreen bitartez, desinfektatze lanak egingo baititu». Izan ere, Europa mailak urarentzat ezarrita dagoen ur kalitate maila «altuena» lortu gura dute.
Dena den, araztegira iristen diren ur zikin guztiak tratamendu ezberdinen bitartez, Lamiaranetik garbi ateratzen direla baieztatu dute. Azpiegitura hori martxan egoteak Bermeoko portuko uraren kalitatea «asko hobetu» du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan: «Portura heltzen den ura garbia da, ez dauka hatsik eta lazunak ere ingurutik aldendu dira. Denborarekin, gainera, uraren kalitatea hobeagoa izango da».
Zeresan handia du horretan, Bermeoko kontserberetako ur zikinak Lamiaraneko araztegian xahutzeak. Alkatearen esanetan, «ezinbestekoa zen kontserberen ura araztegian garbitu ahal izatea, hori lortzeko guztiek egin dute lan». Modu horretan, Bermeoko enpresek beharrezkoak diren neurriak hartu dituzte, egun, horietako ur zikinak Lamiararen arazteko.
Hustubideko lanak martxan
Bestalde, saneamendu sarea osatzeko beharrezkoa den hustubidearen lanak ere hasi dituztela azaldu du BUPeko ingeniariak. Itsaspean joango da kilometro bateko luzera izango duen hustubidea. Itsaspean sartzeko lanak udan egitea aurreikusi dute, beti ere, itsasoaren egoera tarteko. Hustubidearen lanak amaitzerakoan, araztutako ura portura joan beharrean, itsaso zabalera joango da. Hain zuzen ere, 30 metroko sakoneran jaurtiko du ura.
Lamiarango araztegiaren funtzionamendu egokirako, baina, etxeko olioa birziklatzeak duen garrantzia nabarmendu du Juan Karlos Agirre BUPeko presidenteordeak, eta herritarrei hori birziklatzeko konpromisoa hartzea eskatu die. Herritar askok dagoeneko erabilitako olioa birziklatzen dute, hala ere, herritar guztiek birziklatzea lortu behar dela diote, «oso garrantzitsua baita araztegiaren funtzionamendu onerako».
Ur litro zikin bat garbitzeko, araztegiak hiru ordu eta erdi behar dituela azaldu du Agirrek, «ohiko prozesua atzeratuta».
Jakinarazi duenez, etxeko olioa birziklatzearen garrantziaren berri emateko, herriko ikastetxeekin batera kanpaina berri bat abiaraziko dute datorren hilean.