Uraren Euskal Agentziak egin ditu lanok, Bermeoko Udalaren eta Pevasa enpresaren laguntzagaz
San Martin errekaren ertza, bertoko zuhaitzak landatu ostean
Eusko Jaurlaritzaren Uraren Euskal Agentziaren (URA) ubideen mantentze zerbitzuak, Bermeoko Udalaren eta lurren zati baten jabea den Pevasa enpresaren laguntzagaz, San Martin errekaren zati bat berreskuratzeko lanak egin ditu. Azaldu dutenez, errekako ertzaren 100 metro inguru berreskuratu dituzte eta otsailean hasi zituzten lanak.
Bermeoko Udalaren Ingurumen sailetik adierazi dutenez, «zati horretan errekaren egoera ez zen ona ingurumen ikuspuntua kontuan izanik. Ubidearen zati batean, erabiltzen ez zen industria-lursail bat zegoen. Gune horretako alde batean obra-hondakinak eta banbu moduko espezie inbaditzaileak zeuden, bestean, berriz, bertan behera utzitako ortu bat, zaborrez eta hondakinez betea».
Pevasa enpresak gune hori bere bulegoak jartzeko erosi zuenean, «ingurua ahalik eta gehien errespetatzearen aldeko apustua egin zuen». Hala, erakunde guztiak ados jarrita, San Martin erreka inguru horren berreskuratze lanak egiten hasteko beharrezkoak ziren pausoak ematen hasi ziren.
Pevasaren bulegoak eraiki ostean, errekaren ertzak garbitzen hasi ziren. Garbiketa, baina, selektiboa izan zela azaldu dute ingurumen sailetik, «bertoko landaretza errespetatu egin zen eta banbu eta kainabera espezie inbaditzaileak kendu ziren». Era berean, garbiketa lan horiek aprobetxatu zituzten uraren jarioa galarazten zuen enborrak eta oztopoak kentzeko. Ondoren, inguruko hondakin guztiak kendu zituzten, batez ere, ubidekoak eta utzitako txabolaren ingurukoak.
Bertoko zuhaitzak
Garbiketa lanak amaitu ondoren, zuhaitzak landatzeari ekin zioten, ibai-ertzetako bertoko zuhaitzak, hain zuzen ere: haltzak, hurritzak, lizarrak, sahatsak…guztira, 65 zuhaitz landatu dituztela jakinarazi dute.
Udaleko ingurumen sailetik nabarmendu dutenez, «ingurumenean balio handia duen gunea berreskuratu gura izan da». Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren baitan egoteaz gain, «Eupar Batasunak Urdaibaiko erresa sarea oraintsu izendatu du Kontsebazio Bereziko Gunea (KBG).
2011. urtean hasi zuen URAk Bermeoko Udalaren laguntzarekin, San Martin erreka berreskuratzeko lanak. Orduko hartan, orain berreskuratzen ari diren zatiaren goiko aldean egin zituzten lanak, 400 metro inguru berreskuratuta. Gainera, igarobide txikitxo bat ere sortu zuten. Emaitza «oso ona» izan zela diote ingurumen sailetik.